Etxepare Sariaren 2026ko edizioa irabazi dute Naroa Martinez idazleak eta Unai Ruiz ilustratzaileak “Afonia” albumarekin. Irabazleek 5.000 euroko diru-saria jasoko dute eta Nafarroako Pamiela argitaletxeak datorren udazkenean argitaratuko du, euskaraz. Guztira, 26 lan aurkeztu dira Sarira aurtengo edizioan.
Patxi Zubizarreta idazleak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Aitziber Akerreta ilustratzaileak osatutako epaimahaiak honakoa adierazi dute dolua oinarri duen album irabazleari buruz:
« Galtzen ari garen horren pena zeharkatzen du ipuinak, baina aldi berean, memoriaren bitartez oraindik ere ondoan dugunaren aldeko aldarria izan nahi du. Ezer ez da galtzen norbaitek oraindik oroitzen badu, eta ezkila-jotzeek bizirik diraute, aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion ilobari esker. Erabilitako hizkuntza, onomatopeiak, errepikapenak... ezkilen sokari segika bezala irakurtzen den ipuina dugu esku artean. (…)
Bestalde, irudiek maite dugun norbaiten heriotzak eragiten duen hutsunea eta etsipena intentsitate handiz sentiarazten dute. Horretarako, liburua kolore eta irudi soilek osatzen dute; ilunak, orokorrak detaile txikiei baino, egoera eta instanteari erreparatzen diotenak (…)
Zalantzarik gabe, doluak behar duen denbora eta pausa transmititzen duten irudiek eta testuak bat egiten dute, joan den pertsonak utzi digun guztia bilatzeko eta hortaz jabetzeko behar den denbora irudikatu».
2004an sortu zen Etxepare saria euskarazko album ilustratuak sortu eta argitaratzeko xedez. Helburu horiez gain, gaur egun, kulturak duen funtzio linguistikoan sakondu nahi du. Nafarroako 23 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute urtero Etxepare Saria. Laguntzaile ditu Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea. Nafarroako Gobernuko Euskarabideak babesten du.
Egileak Bikotekan
Unai Ruiz eta Naroa Martinez bikote bihurtu zituen Galtzagorrik 2026ko urtarrilean Iruñeko Kondestablearen Jauregian burututako Bikoteka tailerrak. Bertan jaio zen “Afonia”ren ernamuina.
Aurtengoarekin dagoeneko 17 izan dira Etxeparek saritutako euskarazko albumak. Horietatik 8 Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan 2017tik antolatzen duen Bikoteka ilustrazio eta narraziogintza tailerrean jaiotakoak.
Egileei buruz
Unai Ruiz (Bera, 1983). Arte Ederretan lizentziatua da. Hezitzailea eta margolaria, Haur eskolako tailerista aritzen da. Leitzan bizi da gaur egun.
Naroa Martinez (Vitoria-Gasteiz, 1987). Psikopedagogoa da eta euskal eskola publikoan irakasle aritzen da. Galera eta doluetan aditua da. Heriotza haurrekin egitasmoaren sortzailea.
Zorionak bioi!!!