Hemeroteka


Compartir
2026-09-22

"Mundu batetik bestera itzuli" Gonagorriren pieza berria argitaratu dugu

Gonagorriren 45. pieza sareratu dugu. Itzulpengintzari eskaini diogun hirugarren piezari "Mundu batetik bestera itzuli" izenburua ezarri diogu, eta EIZIE elkartekoek sortutako Minaberri Itzulpen Beka hizpide hartu dugu. Manu López Gaseni EIZIEko kidea eta Ainhoa Mendiluze itzultzailea izan ditugu gonbidatu, eta biekin bekaren nondik norakoaz aritu gara. López Gaseni egitasmoaren sorreran egon zen eta hari buruzko testuingurua eman digu; Mendiluzek lehenengo edizioa irabazi zuen, eta Laurie Halse Andersonen Speak eleberria itzuli zuen (Utzi kontatzen, Txalaparta, 2025), berak eman digu testua. Bekaren bitartez, itzultzaile gazteek nazioartean argitaratu diren gazte literatura lan gogoangarriak itzultzen dituzte, eta aukeraketa egiteko Andersen eta Astrid Lindgren sariak jaso dituzten egileen lanak aintzat hartzen dituzte. 

Horrez gain, Martina Luquik Utzi kontatzen eleberriaren beraren iruzkina egin du eta Lore Agirrezabalek Minaberri bekaren hirugarren edizioari esker itzuliko Jürg Schubiger idazlearen Als die Welt noch jung war liburuaren berri eman du —beka Arkaitz Urangak irabazi du, eta liburuan behin-behineko titulua Mundua oraindik ere gaztea zenean da, mentore lanak Naroa Zubillagak egingo ditu—. Nerea Ariznabarretak Hans Christian Andersenen urretxindorraren ipuina kontatu digu. 

Gozatu!