Haur eta gazte literatura azokaren 63. edizioa egiten ari dira egunotan Bolonian. Apirilaren 16ra arte bertan da Maite Gurrutxaga ilustratzailea, aurtengo Azokako 75 ilustratzaile irabazleetako bat delako, “Tapakia” (Erein, 2025) lanarekin. Apirilaren 13tik 16ra izango da bertan eta nazioarteko hainbat editorerekin biltzeaz gain, IBBYk urtero Azokan antolatzen dituen ekimenetan parte hartuko du, Euskal haur eta gazte literaturaren ordezkari lanak eginez. Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen elkarteari eta Galtzagorri elkarteak Etxepare Euskal Insitutuarekin duen lankidetza-hitzarmenari esker da han Gurrutxaga.
IBBYren ekimenen artean ezagunenetakoa da urtero mundu mailan entzutetsuena den erakunde honen prentsaurrea. Azokaren lehen egunean egin ohi da eta bertan aurkezten ditu urteko egitasmo esanguratsuenak. Besteak beste, Andersen Sarien irabazleen izenak eman ditu jakitera aurten: Erresuma Batuko Michael Rosen idazleen kategorian eta Txinako Cai Gao ilustratzaileenean. Haur eta Gazte Literaturari eskainitako saririk ospetsuena da IBBYk bi urtez behin ematen duen hau eta idazle eta ilustratzaile banaren ibilbidea aintzat hartzen du baita hauek Haur eta gazte literaturari egindako ekarpena ere. 2026ko hautagaien artean zen, beste behin ere, Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra. Edizio honetan hautagai izan diren egile guztien profilak IBBYk 2025ean argitaratu zuen Bookbird aldizkariaren 53/4 zenbakian topatu daitezke eta finalistenak IBBYren webean.
Bestalde, 2026ko IBBYren Ohorezko Zerrenda berria ere eman du jakitera IBBYk. Zerrenda honetan, IBBYko atalek bi urtez behin kalitate irizpideen arabera hautatuko lanak biltzen dira, hiru modalitateetan: idazle, itzultzaile zein ilustratzaile kategorietan. IBBY Espainiaren bitartez egindako proposamenei esker, Galtzagorri elkartearen ekimenez, Patxi Zubizarretaren “Zerria” (Erein, 2022) eta Aiora Jakak itzulitako “Neska baten memoria” (Igela, 2024) lanak sartuko dira 2026ko abuztuan Ottawan aurkeztuko den katalogoan eta erakusketan.
Azkenik, prentsaurrean IBBY-iRead Outstanding Reading Promoter Award sarien irabazleak eman dituzte jakitera (Alemaniako Kirsten Boie eta Indiako Namita Jacob) baita, Asahi Reading Promotion Sariarena ere: LINKS Philippines Hooked on Books Program, hain zuzen. LINKS programaren bidez, 2017tik 25 liburutegi baino gehiago sortu dira Filipinetan, 1.000 hezitzaile bolondres baino gehiago prestatu dituzte eta 21.600 haurrengana iritsi.
Gurrutxagak IBBYren Europako atalen bileran ere parte hartuko du. Bertan, IBBY Europaren Newsletterraren inguruan hitz egiteaz gain, Europako IBBY bakoitzak bere burua eta egitasmoak aurkezteko aukera izango du; hala egingo du Galtzagorri elkartearen ordezkariek ere. Besteak beste, Behinolaren ale batzuk eramango ditu, IBBYaren euskal adarraren lanaren erakusle.