IKUSI MIKUSI Festibalaren seigarren edizioa prestatzen gabiltza. Euskarazko haur eta gazte literaturaren Festibal bakarra urriaren 9n eta 10ean egingo dugu eta beti bezala Sarako herri osoa hartuko du. Gaia hauxe izango da: “ZERK IRRIARAZTEN ZAITU?”. Ostiralean, aurrekoetan bezala, Eskolaren Eguna izango da eta ikastetxeek izena eman dezakete maiatzaren 26ko goizeko 8:00etatik aurrera.
1.000 ikaslek hartu ahal izango dute parte aurtengo azokan. Egitarauaren berri jasotzen duen txosten didaktikoa prest dugu, bertan daude jasota aurtengo ikuskizun eta tailerrak. Kontsultatu ondoren, lehendabizi ikuskizun batean eman behar da izena. Horretarako pauso hauek jarraitu: honako helbidean sartu, ikasleentzako ikuskizun bat aukeratu, ikasle kopurua zehaztu eta ordainketa egin, plataforman bertan. Ikuskizun bakoitzeko sarrerak sei euro balio ditu haur bakoitzeko.
Ikuskizunetako izen-emateak betetzean, tailerren izen-emateak irekiko ditugu. Azken hauetan parte hartzea doan da, baina derrigor eman behar da izena.
Edizio guztietan bezala, haur bakoitzak 15 euroko bonu bat jasoko du liburu bat aukeratu eta etxera eramateko. Bestalde, festibalaren aurretik haurrak eta gazteak aurtengo gaiaren inguruan sormen-lan bat egiten jarriko ditugu. Artelan hauekin erakusketa paratuko dugu IKUSI MIKUSIn.
Lekuak mugatuak dira, beraz, animatu eta ahalik eta azkarren eman izena!