Hemeroteka

2024-03-20

Mai Egurzaren lanak Aieteko Ilustratzaileen Txokoan ekainera arte

Maitane Bautista ilustratzaileari lekukoa hartu dio Mai Egurzak Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan. Egurzaren lanak ikusgai egongo dira bertan ekainaren 9ra arte ohiko ordutegian.

Mai Egurza Irunen jaio zen 1986an. Txikitatik atsegin izan du marraztea eta 2006tik aurrera ilustrazio ikasketak hasi zituen bere lanbidea hori izango zela erabakita.

Ilustrazioa ikasi zuen Gasteizko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Eskolan. Ondoren, hiru hilabetez Bartzelonako Escola Joso eskolan jarraitu zuen bere formakuntzarekin.

Bere ibilbidean etengabe hobetu ditu bere trebetasunak modu autodidaktan, hainbat estilo, kolore eta teknika arakatuz. Gehien atsegin duen lana paperean egindakoa da. Eskuz lan egiteak dakartzan akats txikiak, ehundurak eta aberastasuna atsegin ditu. Betiko edertasun kanonak baztertu eta bestelako figurak sortzeagatik ere egin da ezagun. Pertsonaia eta atmosfera berriak sortzen eta kontatzeko modu berriak eskaintzen gozatzen du. Ikasketak amaitu eta berehala hasi zen lehenengo lan eskaintzak jasotzen. 2011n hasi zen lehenengo liburuak ilustratzen eta Elkar, Bromera, Dibbuks, Larousse eta SM argitaletxeekin lan egin du.

Haur Literaturaren esparruari dagokionez, Elkar argitaletxearekin elkarlanean hiru liburu ditu argitaratuak: Leire Bilbaok idatzitako Oihana Hirian (2011), Unai Elorriagaren Zizili (2012) eta Antxiñe Mendizabalen Printzesa eta ergela (2017) liburuen ilustrazio lanak egin ditu, besteak beste. Horiez gain, Ikaselkar argitaletxeak bi urtetik aurrerako haurrek euren emozioak ezagutzeko, kudeatzeko eta besteenak hobeto ulertzeko xedez sortutako Kuku! bildumako Emozio txartelak (Ikaselkar, 2020) ilustratu ditu.

“Xabiroi” aldizkarirako Patxi Zubizarreta eta Arkaitz Gonzalezekin batera Telefono hila izeneko zazpi orrialdeko komikia ere sortu zuen.

Euskal Haur eta Gazte Literaturaren esparrutik kanpo ere ibilbide oparoa egin du. Komikigintzaren alorrari dagokionez, esaterako, 2012an Zidrou gidoilari belgikarrarekin El Paseo de los Sueños (Norma, 2015) komikian hasi zen lanean, 2014an amaitu eta 2015ean kaleratu zen Espainian, Frantzian eta Belgikan. Lan horrekin Bartzelonako Komikiaren Azokako Errebelazio Autorearen Sarirako hautagai izan zen 2016an eta, urte berean, Chambéryko Komiki Azokan "Prix Espoir” izenekoarekin saritu zuten. Komikigintzan lan gehiago ere egin ditu eta bere webgunean ikusgai daude.

Kartelgintza lanetan ere aritu izan da, Irungo Udalarentzat zein Elkar Argitaletxearentzat. Azken honek antolatzen duen Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketaren 12. Edizioaren kartela egin zuen.

2015. urtean Donostiako Liburutegi Nagusian bere lanen erakusketa paratu zuten Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan egiten den "Euskadi Fantastikoa” egitasmoaren XI. Edizioan.

Egun, Bartzelonan bizi da eta Europa mailan arte sekuentzialaren irakaskuntzan erreferente den Escola Joso eskolan irakasle da, “Kolorea teknika tradizionalekin” izeneko ikasgaia ematen duelarik. Horrez gain, Ilustrando dudas izeneko plataforman lana egiten du ilustraziogintzan hasi berriak diren pertsonei aholkularitza eskaintzen. Azkenik, Donostiako Tabakaleran egindako “KomikiLabea” tailerrean formatzaile edo gidari aritu da, beste hainbat komikigilerekin batera.