Hemeroteka


Compartir
2025-09-03

Lukas Ramada bitartekaritzan eta fikzio digitalean adituaren 12 orduko ikastaroa antolatu du ALDEEk

ALDEE Elkarteak (Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea) 12 orduko ikastaroa antolatu du kultur-bitartekaritzan eta fikzio digitalean aditua den Lucas Ramada Prietorekin: "Jolastea garrantzitsua da: Haur eta gazteentzako fikzio digitala eta bitartekaritza kulturala".

Galtzagorri Elkarteak 2019an ekarri zuen Lucas Ramada gurera lehendabiziko aldiz. Ondoren, Behinola aldizkarian (40. Zenb.) Miriam Lukik egin zion elkarrizketa eta 2022an fikzio digitalen gaia jorratu genuen Gonagorri podcast-ean: Fikzio digitala ez da nahitaez pantaila gehiago.

Bada, aurten, ALDEE elkarteak heldu nahi izan dio gaiari eta 3 eguneko ikastaroa antolatu du adituarekin. Irailaren 25tik 27ra egingo da (ostegunetik larunbatera), goizeko ordutegian (9:30-13:30), Errenteriako Udal Liburutegian, Lekuona Fabrikan. Izen ematea zabalik dago, leku guztiak bete arte. Informazio zabalagoa topatuko duzue: ALDEE.eus-en

 

Norentzat

Liburutegietako profesionalak eta haurren eta gazteen arloan lan egiten duten kultura-bitartekariak edo sorkuntzan diharduten idazle, ilustratzaile nahiz editoreak dira ikastaro honen hartzaile nagusiak.

Ikastaroaren helburua da bitartekari horiek tresna eta gaitasun gehiago izatea kultura digitala beren funtzionamendu dinamiketan sartzeko. Ez da beharrezkoa fikzio digitalari buruzko aldez aurreko ezagutzarik izatea, ikastaroak bere gain hartzen du arloko hasierako eta etengabeko prestakuntzaren gabezia orokorra; jakin-min kulturala baino ez da eskatzen.


Fikzio digitala eta bitartekarien lana

Derrigorrezko eskolatzeko adinean dagoen biztanleriaren % 80k baino gehiagok kontsumitzen ditu fikziozko forma digitalak erregularki. Hala ere, kultura garaikidearen eremu hau oraindik ere ezezaguna da hezkuntza- eta kultura-erakundeentzat.

Ikastaro honekin, bitartekariak lan horiek komunikatzeko dituzten aukerak ulertzen hastea nahi du ALDEEk, baita beren publikoen literatura-, arte- eta kultura-hezkuntzari egiten dioten ekarpena ulertzen hastea ere.

Izan ere, Behinola aldizkariaren 40. Zenbakian Ramadak esan zuen gisan, "teknologia-esparrura hurbiltzeak nabigatzeko eta irakurtzeko konpetentziak eskatzen ditu. Hain zuzen, hori da bitartekariok eskaini behar dieguna. Hots, teknologiarekin harremana izateko modu konplexuagoa, tridimentsionala, poliedrikoa eskaini behar diegu, zeren, guk gure lana egiten ez badugu, enpresek egingo baitute".


Ramada, nazioarteko ikertzaile eta doktore

Lucas Ramada Prieto nazioarteko ikertzaile eta doktorea da, haur eta gazteen fikzio digitalaren estetikan eta horrek haur eta gazteen hezkuntza artistiko eta literarioarekin duen harremanean espezializatua. Batez ere, irakasleak, liburuzainak eta kultura-bitartekariak prestatzen ditu, arte-modu hori beren praktika profesionaletan barneratzeko.