Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak Galtzagorri elkartearen proiektu nabarmenetakoak dira, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Eskola Txikietara eguneratutako eta kalitatezko liburutegia bidaltzea dute helburu, bide batez, eskola eta ikasle guztiek liburutegia eskura izateko duten eskubidea bermatzeko. Egunotan hasiko dira lehen liburu-kutxak Gipuzkoako udalerrietara iristen —Olaberria, Aduna, Zubieta, Asteasu eta Angiozar izango dira lehen herriak—, baita Bizkaiko udalerrietara ere —Mallabia, Atxondo, Zaratamo, Arrankudiaga eta Zugaztietara doaz aurrena—.
Liburu-kutxak eraman eta dinamizatzaileak kutxa barruan dauden obrak erakusten ditu, baita zenbaitetan kontatu ere. Gipuzkoan, Liburuen Altxorra Imanol Mercerok gidatzen du eta Bizkaian, Liburu Ibiltariak Oihana Etxegibelek. Adin guztietako irakurleak hartzen dituzten euskarazko publikazioak sartzen ditugu, aurrez kalitatearen arabera aukeratutakoak; sortak nobedadeak eta klasikoak hartzen ditu. Kutxak hilabetez egongo dira eskoletan eta epea amaitzean dinamizatzailea bila joan eta orduan ere saioak eskainiko ditu. Aurtengo Altxorraren zirkuituan 35 eskolek parte hartuko dute eta Ibiltarietan 25ek.
Halaber, aholkularitza zerbitzua eramaten dugu eskoletara; garai batean eskola txikiak izan, eta denborarekin hazi diren horietara. Aholkularitza-saioak irakasleei zuzendutakoak dira, non aukeratutako obrak eskaintzeaz gain, haiekin egin ditzaketen lanketak proposatzen dizkiegun.
Araban ere jarraitzen dugu Liburutegi Ibiltariak egitasmoarekin. Aramaioko herri eskolan dago kutxa, eta Lantziegora eramango dugu azaroan.
Egitasmo honen hastapenetik, ikasturtero, afixa edo kartela ilustratzen dute ilustratzaile ezberdinek. Kartel hori alfabeto bihurtu genuen 2017-2018. ikasturtean. Aurtengo kartela Ana Ibañezek egin du.