Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak Galtzagorri elkartearen proiektu nabarmenetakoak dira, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Eskola Txikietara eguneratutako eta kalitatezko liburutegia bidaltzea dute helburu, bide batez, eskola eta ikasle guztiek liburutegia eskura izateko duten eskubidea bermatzeko. Egunotan hasiko dira lehen liburu-kutxak Gipuzkoako udalerrietara iristen —Asteasu, Aduna, Angiozar, Olaberria eta Zizurkil izango dira lehen herriak—, baita Bizkaiko udalerrietara ere —Mallabia, Atxondo, Zaratamo, Arrankudiaga eta Zugaztietara doaz aurrena—.
Liburu-kutxak eraman eta dinamizatzaileak kutxa barruan dauden obrak erakusten ditu, baita zenbaitetan kontatu ere. Gipuzkoan, Liburuen Altxorra Imanol Mercerok gidatzen du eta Bizkaian, Liburu Ibiltariak Oihana Etxegibelek. Adin guztietako irakurleak hartzen dituzten euskarazko publikazioak sartzen ditugu, aurrez kalitatearen arabera aukeratutakoak; sortak nobedadeak eta klasikoak hartzen ditu. Kutxak hilabetez egongo dira eskoletan eta epea amaitzean dinamizatzailea bila joa eta orduan ere saio bat eskainiko du. Aurtengo Altxorraren zirkuituan 35 eskolek parte hartuko dute eta Ibiltarietan 25ek.
Halaber, aholkularitza zerbitzua eramaten dugu eskoletara; garai batean eskola txikiak izan, eta denborarekin hazi diren horietara. Ikasturte honetan Gipuzkoan 8 saio egingo ditugu eta Bizkaian 4. Aholkularitza-saioak irakasleei zuzendutakoak dira, non aukeratutako obrak eskaintzeaz gain, haiekin egin ditzaketen lanketak proposatzen dizkiegun.