Hemeroteka


Compartir
2025-06-16

Lazarillo Sarien oinarriak argitaratu dituzte

OEPLIk aurtengo Lazarillo Sarien oinarriak aurkeztu ditu album ilustratuaren eta gazte-literaturaren atalean. OEPLIk, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta McDonald´sen babesarekin antolatzen dituen sariak dira; helburua haur eta gazteei zuzendutako kalitatezko liburuen produkzioa bultzatzea da. Lehiaketak bi sail ditu: album ilustratuarena eta literatura-sorkuntzarena —aurtengo deialdian gazte-literaturaren txanda da; haur-literatura eta gazte-literatura modalitateak urtero txandakatzen dituzte—. Lanak euskaraz, katalanez, galegoz edo gaztelaniaz sortutakoak izan daitezke. Aitzitik, aurtengo edizioaren berritasuna da estatuko sortzaileen lanak baino ez dituztela onartuko.

Sariak, atal bakoitzean, 6.000 eurokoak izango dira. Gazte-literaturaren atalean lanak uztailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira eta album ilustratuan irailaren 30a baino lehen. Sariak abenduan ebatzi eta 2026ko lehenengo hiruhilekoan banatuko dituzte.

Lazarillo Saria haur- eta gazte-literaturako estatuko sari zaharrena da. 1958. urtean sortu zuen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985. urtetik aurrera, ordea, OEPLIk hartu zuen sariok antolatzeko ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIren adarra denez gero, sarietako epaimahaian parte hartzen du urtero.

OINARRIAK ALBUM ILUSTRATUA eta OINARRIAK GAZTE LITERATURA