Hemeroteka

2026-06-04

Komikia eta fanzineak hizpide bitartekaritza ikastaroan

Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroaren barruko generoen atalaren azken saioan komikiak eta fanzineak hartu zituzten hizpide Maite Caballero eta Paula Estévez komikigile eta ilustratzaileek. Saio dinamikoa egin zuten. Lehenbizi aurkezpenetan haurretan gogoko zuten liburu baten deskribapena eskatu zieten ikasleei, eta jarraian bi artistek beren liburu gogokoak deskribatu zituzten. 

Ikasleekin solasaldi oparoa sortu zuten, eta, baieztapenak egin bazituzten, ikasleei euren iritziak eskatu ostean egin zituzten, hala nola albumaren eta komikiaren arteko alde nabarmenena sekuentziazioa dela esan edo komikiaren eta eleberri grafikaoren artean dagoen alde bakarra merkatuak ezarritakoa dela. Obra bat helduentzat edo haurrentzat sortu, artistaren estiloa aldatzen ote den galdetu zuten, eta estiloa ez dela aldatzen esan zuten; akaso, gaiaren arabera moldatzen dutela. 

Bi ariketa egiteko gonbidapena egin zieten ikasleei, eta ikasleek egindako lanak "irakurri" zituzten. Batean esaldi berarekin album baten irudia eta komiki baten bineta sorta sortu behar zuten, eta bestean hiru bineta "irakurri" behar zituzten. 

Komiki eta fanzine asko ekarri eta erakutsi zituzten; gehienak ezezagunak. Saio aberasgarria izan zen.