Urriaren 7an eta 9an Iurretan izan ginen Orobiogoitia BHIko gazteekin Liburu hari boom egitasmoa aurkezten.
Bertan egindako ordu eta erdiko bost saioetan gazteekin hitz egiteko tartea hartu genuen bereziki. Irakurketa esperientziez mintzatu ginen, norberaren bizipenez, zaletasunez, zailtasunez, indarguneez… Baita irakurketa ulertzeko modu ezberdinez ere, liburuak goitik behera irakurtzea ez baita irakurtzeko baleko aukera bakarra (ikus Daniel Pennac-en irakurlearen eskubideak).
Maletan eramandako liburuak esku artean hartuta, horiek aztertzeko denbora eman genien gazteei eta haien galderetatik abiatuz, zenbait album, eleberri grafiko, fanzine, komiki zein eleberri berezi aurkeztu genizkien (Zipriztinak).
Maletan eramandakoa baino askoz ere gehiago ekarri genuen bueltan Iurretatik. Eskerrik asko zuen esperientziak, kezkak, beldurrak eta ilusioak gurekin hain zintzoki partekatzeagatik.
Hurrengora arte!