Hemeroteka

2026-10-13

Irriz bete ditu Ikusi Mikusik Sarako kaleak

Haur eta Gazte Literaturaren seigarren Festibala egin dugu bi egunez Saran, Lapurdin. Mugaz bi aldeetako haur, gazte, eskola, irakasle, bitartekari, sortzaile, argitaldari eta familiaz bete ditu Ikusi Mikusik mugako herriaren txoko guztiak.

Eskaintza zabala prestatu dugu aurtengoan ere Ikusi Mikusi Festibala antolatzen dugun Mari Gorri elkarteak, Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri elkarteak: Topaketa-tailerrak, ikuskizunak, haurren lanen erakusketak, hitzordu profesionalak, mahai-inguruak, aurkezpen eta ikastaroak. Eta nola ez, irakurketarako tarte eta txokoak herriko bazter guztietan, non, lasai ederrean irakurtzen aritu diren haur, familia eta taldeak. Txotxongilo erraldoiaren besarkadak jasotzen ere bai.  

Izan ere, 1.000 ikasletik gora izan ziren Ikusi Mikusin urriaren 9 ostiralean eta 25 bitartekari baino gehiago profesionalentzako prestatutako saioetan. Larunbatean, urriaren 10ean, Hegoalde zein Iparraldeko familia eta taldeen uholdeak hartu zuen Sara. Hainbeste lagun bertaratu ziren, ezen, lantegi guztiak bete ziren, ikuskizun gehienak bezalaxe. Eguna bukatzeko Peztakla! ikuskizunean 600 ikusle baino gehiago bildu ziren Sarako plazan. 18 argitaldariren erakusleihoak zabalik egon dira bi egunetan zehar eta liburuak eskuratzeko 1.000 bonu trukatu zituzten haurrek haien gustuko izenburuekin.

Irriz eta ilusioz betetako aurpegiak ikusi ditugu nonahi. Horrek irriarazten gaitu gu, antolatzaileok.

Eskerrik asko bertaratutako guztioi!

Orain, hurrengoa prestatzen hasteko tenorea heldu da.