Hemeroteka


Compartir
2026-11-05

Ipuin Kontalarien XII. Maratoia egingo dugu azaroaren 21ean

Ipuin Kontalarien Maratoia egingo dugu azaroaren 21ean, larunbatean, 11:00etatik aurrera Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan. Hamabigarren maratoia izango da eta, ohi bezala, goizean hasita arratsaldera arte luzatuko da. Kontaketak adin ezberdinetako publikoari zuzendutakoak izango dira. Erreserba egiteko aukera zabalduko dute hemen azaroaren 9an, astelehenean.

Hemen egitaraua:

11:00. MAITE FRANKO CASTRO. Jateko moduko ipuinak. 2-4 urte.

Ipuin hauetan janaria dugu ardatza, aitzakia, irtenbide edota galbidea, bizirautea jokoan baitago. Zapore ona uzten duten istorio dibertigarriak kontatuko dizkigu Maitek.

12:00. JOSUNE GARCIA DE BIKUÑA QUINTANA. Mundu bat sustraietan. 4-8 urte

Kobazuloak, ozeanoak, basoak eta errekak dira gure arbasoen istorioen gordeleku. Horietan ixil-ixilik geratuz gero, lami, sorgin, animalia eta bestelako pertsonaia zoragarrien ipuinak entzuten ditugu. Horiek bildu, kiribildu eta ikimilikiliklik! Ipuin-zopa sortu du Josunek.

17:00. SAROA BIKANDI ETA PERU MAGDALENA. Poropopoesia. 8-14 urte

Saio honen bitartez umeak poesiara beldurrik gabe eta jolasti hurbilaraziko ditugu. Horretarako, era aske eta atsegin batean, hainbat poesia genero ezberdin aurkeztu eta hauetako bakoitzean poema bana sorraraziko dute. Generoak: akrostikoak, haikuak, kaligramak, poema dadaistak, poema xuxurlatuak, etab.

18:00. MIREIA DELGADO. Matilda. Roald Dahlek idatzitako Matilda obraren ahozko adaptazioa. Gazteak (+15) eta helduak.

Idatzitako obra klasikoarekin sintonian sortutako ikuskizun honetan, liburua irakurri dutenek zein ezagutzen ez dutenek gozatuko dute. Eta berau irakurtzeko gogoa piztuko zaie gainera. Fidela den arren, adaptazio librea da: azentuak, ñabardurak eta azpimarratutakoak kontalariarenak dira. Ez izan beldur, ez zarete damutuko.