Hemeroteka


Compartir
2023-06-30

Ipuin klasikoak izan dira aurtengo MarraziOak tailerraren bihotza

MarraziOak tailerraren beste edizio bat egin dugu. Undermount elkartean aritu dira aste osoan zehar hamar ilustratzaile Juan Kruz Igerabidek eta Maite Gurrutxagak gidatuta. Goizetan, Juan Kruz Igerabide ipuin klasikoei buruz mintzatu da eta haien sinbologiak landu ditu adibide zehatzekin: Mari Xor, Bizar Urdin... Azaldu eta kontatu ere egin ditu ipuinak. Haurrengan duten eragina, haurraren zein alderekin konektatzen duten eta zer adinarera egokitzen diren ere argitu du, besteak beste. Eztabaidatzeko aukera ere zabaldu da egunez egun.

Gidariek ipuin klasiko bat aukeratu eta haren bariazioak proposatzeko, grafikoki, eskatu diete parte-hartzaileei. Bakoitzak ipuin ezberdin bat aukeratu du; Hansel eta Gretel, Berunezko soldadutxoa, Bremengo musikariak eta abar. Batzuek haurtzaroko ipuin zehatz batekin konektatu dute, beste zenbaiten aukeratzeko irizpidea gustuari lotu zaio.  

Arratsaldeetan, Maite Gurrutxagak ipuin berberen ilustrazio-bertsio ezberdinak aurkeztu dizkie, ipuin klasikoen proposamen eta aukera bideak oparoak izan daitezkeela ikus zezaten. Gaur arratsaldean ilustratzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte.

Giro lasaia eta emankorra sortu da aurten ere MarraziOetan. Eskerrik asko gidariei eta parte hartu duten ilustratzaileei.