Hemeroteka

2026-03-23

Ikusten ikasteko saioa Piu Martínezekin

Gizarte erabat bisualean bizi garen arren, ez gaude oso trebatuta irudiak irakurtzen eta dekodetzen. UNESCOk alfabetizazio bisuala besteekin batera ezartzen badu ere, bisuala erabat ahaztuta dago, eta irudiek euren karga dute, ez dira neutroak. Piu Martínezek azaldutako zenbait ideia dira, Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroaren saioan azaldu zituenak. Ez dakigu ikusten dugun hori irakurtzen, inork ez digu begia entrenatu. Hori da, hain zuzen, Piu Martínez, begiaren entrenatzailea (bitartekaria, editorea, idazlea ere bada, besteren artean). 

"Bitartekariak ez du begiek nora begiratu behar duten esan behar; bidearen alternatibak eskaini behar ditu, pistak eman, irakurtzen lagundu behar du, hobeto ikusten ere bai", esan zuen Martínezek. Oro har, irudian alfabetatu gabeko gizartea garela azaldu zuen, eta IKUSI, BEGIRATU, BEHATU eta KONTENPLATU ekintzen arteko aldea bereizi zuen. 

Albumak ekarri, eta haien irakurketa eskaini zigun. Denari erreparatzeko eskatu, eta irakurketak harritu gintuen. Nork esaten du zer ikusi behar dugun? Ikusten ikastea oso apurtzailea izan daiteke.