Hemeroteka


Compartir
2026-09-04

Ikusi Mikusin argitaletxeekin hitzorduak lotzeko unea iritsi da sortzaileentzat

IKUSI MIKUSI Haur eta Gazte Literatura Festibala urriaren 9 eta 10ean izango da Saran. Lehendabiziko eguna, ostirala, Eskolen Eguna eta Profesionalena izango da. Bigarrena, berriz, Familiei eskainia egongo da.

Aurreko urteetan bezala, ostiralean, 15:00etatik 16:00etara bitartean, artistek (idazle, ilustratzaile, kontalari eta beste edozein sortzailek) argitaletxeekin bilerak egiteko hitzorduak lotu ahal izango dituzte.

Bilera hauen xedea sortzaileek haien lanak argitaletxeei aurkeztea da, nagusiki. Aldi berean, harremanak egiteko eta ideiak trukatzeko baliagarriak izaten dira.

Izena emateko hauxe egin behar da: norbere lanaren idatzizko aurkezpena —bi lerro— eta Ikusi Mikusi Festibalean egongo diren argitaletxeen artean hautatutako hiru argitaletxeen izenak mezu batean bildu eta honako helbidera bidali: administrazioa@ibbygaltzagorri.eus

Honako argitaletxeak izango dira aurten Saran: 1545, Alberdania, Akelarre Kulturgunea,  Amesgile, Denonartean, Erein, Elkar-Ttarttalo, Haria, Harriet , Ikas, Ibaizabal, Irria Aldizkaria, Pamiela, Txalaparta, Xabiroi, Zortziko eta ZTK.

Bilerak eskatzeko azken eguna irailaren 30a izango da. Hitzorduak eskaera-ordenaren arabera emango direnez, lehen bait lehen eskatzea komeni da.

Horrez gain, Profesionalen Egunerako egitarau oparoa prestatu dugu. Laster zabalduko dugu honen berri. Aurrerapen gisa:  Asun Agiriano Arrasateko udal liburutegiko zuzendariak euskarazko haur literaturako umorezko obren zerrenda bat aurkeztuko du eta Juan Kruz Igerabide idazleak haur literatura eta umorearen inguruko lantegi praktikoa eskainiko die bitartekariei. Haur eta gazte literaturan umoreak duen eta izan beharko lukeen lekuaz mintzatuko dira arratsaldeko mahai-inguruan Agiriano bera, Unai Iturriaga komikigilea, Ixabel Agirresarobe ipuin-kontalaria eta Josiane Valencia-Aguerre idazle eta musikaria. Gidari izango dute Asisko Urmeneta ilustratzailea.