Iraila eta ikasturte hasierarekin batera hasiko da Liburu hari boom egitasmoaren ibilbidea. Hori dela eta, EAEko hainbat liburutegitara iritsiko gara aurrez aurreko saioak eskaintzera.
Galtzagorri elkartetik, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren babesarekin, 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako literatur saioak antolatu ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herri eta auzotako liburutegietan.
Inguruko ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute topaketa hauetan, eta saio bakoitzak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Denbora horretan, liburu ezberdinak ezagutzeko, haiei buruz hitz egiteko eta irakurketari bestelako begirada bat emateko aukera izango dute ikasleek.
Horretarako, Galtzagorri elkarteko adituek aukeratutako liburu sorta eramango dugu zuzenean liburutegietara. Hautaketa horretan ohiko irakurketa-ibilbideetatik harago doazen proposamenak aurkituko dituzte gazteek: fikziozko lan berriak eta klasikoak, ez-fikziozko liburuak zein albumak. Gazteen interes eta gustuak abiapuntu hartuko ditugu, betiere aniztasuna eta askotariko irakurketak bermatuz.
Egitasmoaren helburua gazteei irakurtzeko aukera eta bide berriak eskaintzea da. Irakurzaletasun handiagoa dutenen jakin-mina elikatu nahi dugu, baina baita irakurketatik urrun sentitzen direnei hurbiltzeko aukera berriak ematea ere. Horretarako, konfiantzazko giroak sortuko ditugu, liburuez lasai hitz egiteko, iritziak partekatzeko eta irakurketen inguruan modu libre eta zintzoan eztabaidatzeko.
Aurten, Iurretan emango diogu hasiera ibilbideari berriz ere. Hori izango da lehen geldialdia, baina ez bakarra!