Irakurle taldeei buruzko Gonagorria egin nahi genuen ikasturtea hasteko, baina hitzari buruzkoa egin dugu. Bagenekien, halere, Eider Perez idazlea eta irakaslea gonbidatuta, haur eta gazte irakurle talde klasikoetatik harago joango ginela. Eiderrek Errenteriako Herri Arte Eskolan lan egiten du, eta Hitzaren barruan astero saioak egiten ditu haurrekin, gazteekin eta helduekin. Dioenez, «hitza barnebiltzen duen edozein sorkuntza-lanetan» oinarritzen ditu irakasgaiak. Hala, hitzara hurbiltzen den edozer adierazpenekin lan egiten dute: bideo-jokoak, telesailak, podcasta, zinemagintza, musika eta beste.
Elkarrizketa amaitu eta ezin berriketaldiari utzi, gure arreta osoa bereganatu zuen Eiderrek eta badakigu zuei, entzule, gauza bera gertatuko zaizuela. Horrez gain, podcastaren hasieran bertan iragarritako ohartarazpen berbera ekarriko dugu hona: lurrin hiltzaileak, super-gizakiak eta belarri berde bat topatuko dituzue dagoeneko entzungai duzuen pieza berrian.