Hemeroteka

2026-10-06

“Hitza ekintza denean. Antzerkia irakurketaren bitartekaritzan” ikastarorako izen-emate epea zabalik

Galtzagorri Elkarteak 2007an jarri zuen martxan Haur eta Gazte Literaturako Irakurketa Mintegia. Haren egitarauaren barruan, udazkenean, tailer, hitzaldi edo ikastaro bat antolatzen dugu. Haur eta gazteen eta liburuaren arteko bitartekaritza lana egiten dutenen prestakuntzak kezkatzen gaituelako antolatzen ditugu urtero.

Aurtengoan haur eta gazteentzako testu dramatikoak eta antzerkia landuko ditugu. Genero honek haur eta gazteak irakurketara hurbiltzeko eskaintzen dituen aukerak ezagutu nahi ditugu, adinez adin haur eta gazteekin landu daitezkeen praktikak aletu eta euskal haur eta gazte literaturako antzerki obrak edo antzerkia egiteko baliatu daitezkeen testuak zukutzen ikasi.

Hitzordua urriaren 31n izango da, Donostiako San Telmo Museoan. Puntako bi irakasle gonbidatu ditugu “Hitza ekintza denean… Antzerkia irakurketaren bitartekaritzan” izeneko trebakuntza-saio hau gidatzera: Intza Alkain aktore eta Haur Literatura aditua eta Idoia Gereńu irakasle, antzerkigile eta ikerlaria.

Ikastaroak lau ordu iraungo ditu, 10:00etatik 14:00etara. Bi irakasleek elkarrekin eskainiko dute eta batez ere praktikoa izateko bokazioa du.

Hona landuko diren edukiak:

  • Etapa ezberdinetan, haur eta gazteekin antzerkia egiteko oinarriak eta helburuak.
  • Haur eta gazteekin antzerkia egiteko balia daitezkeen euskarazko testuen bibliografia bat.
  • Liburu horiek erabiliz egin daitezkeen bitartekaritza estrategiak.

 

Bitartekari ororentzat

Irakurketa Mintegian ari diren irakurleez gain, saioa haurren eta gazteen heziketa literarioa lantzen duten eta irakurzaletasuna sustatzeko interesa duen edozein bitartekariri zuzenduta dago: irakasleak, bibliotekariak, kultur teknikariak, editoreak, sortzaileak eta irakurketa proiektuetan parte hartzen duten begiraleak edo animatzaileak, besteren artean.

 

Izen-ematea

Izena emateko inprimaki hau bete behar da eta diru-sarrera egin. Mintegiko kideentzat doan da, elkarteko bazkideek 35 euro eta bazkide ez direnek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez 50 ikaslek parte hartu ahal izango dute eta onarpena izen-emate ordenaren araberakoa izango da. Izena emateko azken eguna urriaren 16a da.

 

Informazio zabalagoa deialdian aurkituko duzu.