Hemeroteka

2026-04-20

Herriz herriko bitartekarientzako lantegiak martxan dira

Urtero bezala, martxan da Irakurketaren bitartekarientzako Lantegiak egitasmoa. Bederatzigarren  edizio hau Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuak babesten du. Honen baitan, orotara, 72 lantegi eskainiko dizkiegu herriz herriko eskoletan lan egiten duten bitartekariei. Lehenengo saioak Iurretako Orobiogoitia ikastetxean (DBHko bitartekarientzat) eta Erandioko Astrabudua auzoan dagoen CEIP Ignacio Aldekoan egin ditugu (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako bitartekarientzat).

Orotara, 80 izen-emate izan ditugu aurten. Hautaketa egin ondoren, 2026. urtean zehar Bizkaian 32 lantegi eskainiko ditugu, Gipuzkoan 29 eta Araban 11. Horietatik guztietatik 17 izango dira Bigarren Hezkuntzako bitartekariei bideratutakoak.

Egitasmoaren esentzia azken zortzi urteetako bera izango da 2026an ere: Gehienez bi ordu iraungo dituzten 72 lantegi eskainiko ditugu urte osoan zehar EAEko herrietako eskoletan lan egiten duten bitartekarientzat. Bertan, Galtzagorri elkarteko profesional batek aurreko urtean (2025) euskaraz argitaratutako liburu-bilduma bat aurkeztuko die eta haur eta gaztetxoen irakurketa gogoan eta ohituran eragiteko estrategiak eta tresnak azalduko dizkie. Irakurketaren bitartekarientzako lantegiak erabat praktikoak dira. Egitasmo honen azken helburua haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatu eta literatura heziketa areagotzea da. Horretarako, haur eta gazteen eta liburuen artean zubi-lana egiten duten bitartekariak trebatzen ditugu.

 

Ohi bezala, udal liburuzainak gonbidatuko ditugu herriz herriko lantegietara. Eta aurten, egitasmoaren abiapuntua udal liburuzainei berariaz eskaini dizkiegun lantegiak izan dira. Probintzia bakoitzean bana eskaini ditugu eta horietara 54 liburuzain bertaratu dira. Araban Gasteizko Arriaga Haur eta Gazte Liburutegian, Bizkaian Barakaldoko San Vicente liburutegian eta Gipuzkoan, Eibarko Juan San Martin liburutegian egin ditugu. Azken honeta 32 bibliotekari bildu dira. Liburuzainei eskainitako lantegi hauen helburuak herri-bibliotekariek lantegietara joateko orain arte izan dituzten zailtasunak gainditzea eta eskola- eta herri-liburutegien arteko zubiak sendotzeko nahia dira.