Hemeroteka

2026-05-21

Haur poesiarekin barre eta jolas

Poesiaren txanda izan zen atzo Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroan. Leire Bilbao poetak hitza hartu zuen lehenbizi, eta bere idazteko prozesua aletu zuen: erabiltzen dituen iturriak, moldeak, egiturak, erritmoak... Irakurri ere egin zuen boz goraz, eta gozatu handia hartu genuen. Irailean argitaratuko duen lan berria erakutsi zigun, eta hura ere, aurrekoak bezala, zoragarria dela baino ezin dugu aurreratu.

Jarraian, Saroa Bikandi bitartekariak eta Peru Magdalena bitartekari eta poetak Poropopoesia saioa egin zuten; saio hori 8-10 urte bitarteko haurrekin egiten dute eskoletan. Ikastaroa egiten ari diren bitartekariak azalaldatu eta haur bilakatu ziren, eta zein ongi bilakatu ere. Hala, poema dadaistak, haikuak eta beste sortu zituzten, eta gorputza astindu zuten. Barre asko egin genuen, eta barreari esker poesia desakralizatu ere bai; bide batez, haurrekin irakurketaren bitartekaritza egiteko zelako tresna den ikusi genuen. Saio gogoangarria izan zen.