Hemeroteka


Compartir
2026-09-21

Hasi da Liburu Hari Boom egitasmoa

2026ko ikasturtearekin batera, abian da Liburu Hari Boom egitasmoa. Galtzagorri elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren babesarekin, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako literatur saioak egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herri eta auzotako liburutegietan.

Egitasmoaren barruan, inguruko ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute liburutegietan egingo diren aurrez aurreko saioetan. Saio bakoitzak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, eta denbora horretan ikasleek hainbat liburu ezagutzeko, haiei buruz hitz egiteko eta irakurketari beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera izango dute.

Horretarako, Galtzagorri elkarteko adituek hautatutako liburu sorta eramango dugu zuzenean liburutegietara. Gazteek ohiko irakurketa-ibilbideetatik harago doazen proposamenak aurkituko dituzte.

Egitasmoaren helburua gazteei irakurtzeko aukera eta bide berriak eskaintzea da. Irakurzaletasun handiagoa duten gazteen jakin-mina elikatu nahi dugu, baina, era berean, irakurketatik urrunago sentitzen direnei liburuetara hurbiltzeko aukera berriak eskaintzea ere bai. Horretarako, konfiantzazko giroak sortuko ditugu, liburuez lasai hitz egiteko, iritziak partekatzeko eta irakurketen inguruan modu libre eta zintzoan eztabaidatzeko.

2026ko ikasturteko lehen saioak dagoeneko hasi ditugu, eta Iurretako Udal Liburutegian izan gara, DBH 4ko ikasleekin Liburu Hari Boom proiektua lantzen. Lehen saioek oso harrera ona izan dute: ikasleek gogoz parte hartu dute dinamikan, eta egitasmoa zein Zipriztinak ezagutzeko aukera izan dute. Parte-hartzea eta inplikazioa ere oso positiboak izan dira.

Iurretako esperientziak erakutsi du saio hauek aukera ematen dietela gazteei literatura eta irakurketarekiko harremana beste ikuspegi batetik lantzeko. Batez ere, irakurketak partekatzeko eta euren iritzi eta gomendioak besteekin trukatzeko espazioak sortzen dira, gazteen artean irakurketa-komunitateak sustatuz.

Iurretakoa izango da 2026ko ibilbideko lehen geldialdia, baina ez bakarra. Datozen hilabeteetan, Liburu Hari Boom Euskal Autonomia Erkidegoko beste hainbat liburutegitara ere iritsiko da, gazteei irakurketak partekatzeko, beren iritziak adierazteko eta beste gazte batzuen gomendioak ezagutzeko espazioak eskaintzeko.

Gainera, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek Liburu Hari Boom lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. 2026ko azaroaren 20ra arte, liburu bat irakurri, aukeratu eta haren inguruko gomendioa nahi duten formatuan aurkezteko aukera izango dute: idatziz, ilustratuta, antzeztuta, audio bidez, bideo bidez… Parte hartzeko zehaztapen guztiak OINARRIAK atalean daude eskuragarri, eta parte hartzeko FORMULARIOA bete beharko da.