Hemeroteka

2025-06-30

Gotzone Butron eta Aitziber Rayak irabazi dute 2025eko Etxepare saria 'Orkestra zooragarria' albumarekin

Etxepare Sariaren 2025eko edizioa irabazi dute Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak. Patxi Zubizarreta idazleak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Aitziber Akerreta ilustratzaileak osatutako epaimahaiak honakoa adierazi dute album irabazleari buruz: 

«Album hau erakargarria da begiekin gozatzeko, baina, gutxitan bezala, baita belarriekin entzuteko ere. Alde batetik, bikain eta neurritsu kontatuta dagoen istorio dibertigarria dakarkigu: ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena –ederra da gizakiak eta piztiak harremanetan jartzea, biak mundu paraleloetan egokitu beharrean–. Eta, beste alde batetik, musika klasikorako gonbita eskaintzen digu, ausardiaz eskaini ere: argumentuaren haria partitura bat dugu oraingoan, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobelan egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz, eta entzunez goza dezagun. Gozatu: agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutelako: gozamena».

Albumak QR batzuk jasotzen ditu, non istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu baitaitezke. Espoilerrik egin gabe, haur guztiek etxean egin ahal duten proposamen batekin bukatzen da albuma eta bidenabar orrialdeetatik kanpo fantasiarekin jolasean segitzeko gonbidapen zooragarria da.

Irabazleek 5.000 euroko dirusaria jasoko dute eta Nafarroako Pamiela argitaletxeak datorren udazkenean argitaratuko du, euskaraz.

Egileak Bikotekan

Aitziber Raya eta Gotzone Butron bikote bihurtu zituen Galtzagorrik antolatzen duen Bikoteka tailerrak. 2024ko edizioa egin zuten eta han sortu zuten Orketra zooragarria albumaren ernamuina.

Aitziber Raya EHUn eta Universitat Politècnica de Valèncian Ilustrazioko eta Diseinuko Gradukoa ikasi zuen. Gradua amaitu ondoren, Sugaar argitaletxearekin lan egin du hainbat ilustrazio eginez, Zerbikas-en gidak ilustratu eta infografia ilustratuak garatu ditu Gaudi Academia de Knowledge (Bartzelona) enpresarentzat. Gaur egun, Diseinu eta Ilustrazioko master profesionalizatzailea amaitu berri du Universitat Politècnica de Valèncian.

Gotzone Butron Filosofian lizentziaduna da. AEK-ko irakaslea eta koordinatzailea Plentzian, eta Abusuko bibliotekako arduraduna 2006. urtea geroztik (Arrigorriaga). Idazle Eskolako graduondokoa egin du. 2021ean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ipuinak saileko Sardinerak ipuina idatzi nuen, eta 2022an Bizkaiko Foru Aldundiko Nire Sarajevo, BizkaIdatz Jarraitzeko prest? lehiaketari hasiera eman zion narrazioa. 2024ean Karmele Igartua sorkuntza beka eskuratu zuen, eta geroztik haurrentzako ipuinen sorkuntzan dabil buru-belarri.

Zorionak bioi!!!