Bata bestearen segidan ospatu ditugu aurtengo sari banaketa ekitaldiak; izan ere, maiatzaren 27an, goizeko 11:00etan, 2025-2026 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Gipuzkoako sari banaketa ekitaldia egin da Donostian, San Telmo Museoko ekitaldi aretoan. Bezperan bertan, maiatzaren 26an, Bilboko Azkuna Zentroan jakin genituen Bizkaiko aurtengo irabazleen izenak.
San Telmo Museoko ekitaldian izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Gipuzkoako talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Bea Egizabal aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Juan Kruz Igerabide Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari gisa
Horiez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuetako baten idazle, ilustratzaile zein editoreak ere izan dira ekitaldian: Alaia Martin, Udane Ansa eta Unai Pascual, hain zuzen.
Aurten ere bi epaimahaik erabaki dituzte probintzia bakoitzeko irabazle nagusiak. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide), Igor Idoeta (Bizkaiko epaimahaikide) eta Eider Eibar (Bizkaiko epaimahaikide). Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu publikoaren bi sarien irabazleak.
Guztira, bost sari banatu dira:
Epaimahaiaren sariak: DBH1-2 multzoko irabazleek eta DBH3-4 multzokoek abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua irabazi dute. Norbanakoen kategoriako irabazleak, berriz, E-reader bat, bloger bat izateko set txikia eta 150 euroko bonua.
Publikoaren Sariak: boto bidez erabaki dira eta sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak). Irabazleek escape room baterako pasea eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua jaso dute.
Ekitaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan dute talde finalisten gelakideek, eta ziur gaude irabazleen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela sari-banaketa.
Parte-hartze handia
Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 33 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker laugarren aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 16 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamalau urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 17k. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 250 booktrailer jaso ditugu.
Sari nagusiak
Gipuzkoan, Ikastetxeen kategorian, DBH 1-2 multzoan, ORBELA izan da garaile, Ikusezin (Denonartean, 2020) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Liburuaren editore den Unai Pascualen eskutik jaso dute saria.
Epaimahaiaren iritzia: “Laburra eta iradokitzailea da. Liburuaren nondik norakoak ongi adierazten ditu gehiegi sakondu gabe. Gidoia ondo landuta dago eta trailerra ondo borobildu dute. Aukeratutako planoak, muntaia, erritmoa, soinu banda eta testuak zainduak daudela antzematen da. Iradokitzailea da zalantzarik gabe eta irakurtzeko gogoa pizten du. Hori da azken finean trailer baten helburua. Laburra den arren behar adina informazio ematen digu eta gehiago jakiteko gogoarekin uzten gaitu”.
Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, UZTURPE taldeak Puf (1545, 2024) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Uzurpe Ikastolako ikasleek osatzen dute talde hau eta haientzat izan da sari nagusia. Alaia Martin idazlearen eskutik jaso dute.
Epaimahaiaren iritzia: “Proposamen ezberdina, ausarta eta originala da. Laburra eta bizia da eta irakurtzeko gogoa pizten du. Booktrailer bat egiteko liburu zaila bada ere, bikain asmatu dute liburuaren mamia modu sotilean isladatzen. Bertatik aukeratu dituzten galderei lotutako eszena bikainak sortu dituzte. Ikusten da lanketa handia egin dutela”.
Epaimahaiak norbanakoen kategorian aurkeztutako lanetako bat ere saritu nahi izan du, Ikram Bensaoula eta Paola Bull Davidek Etsai gordea (Elkar, 2013) liburuari buruz egindakoa, hain zuzen. Saria Nerea Isasiren eskutik jaso dute.
Honakoa esan du epaimahaiak lanaren inguruan: “laburra eta erritmo bizikoa da. Musika aproposa erabili dute, liburuko istorioak mantentzen duen tentsioarekin bat datorrena. Trailer baten itxura oso ondo imitatzen dute. Hitz gutxirekin oso ondo isladatzen du liburuaren trama nagusia. Erakargarria eta iradokitzailea da.”
Publikoaren Sariak
Publikoaren Sariak ere ekitaldian eman dira jakitera. Guztira, 1.050 bozka bildu dira aurten.
Ikastetxeen kategorian, Gipuzkoan, Uzturpe Ikastolako UZTURPE taldeak irabazi du 109 bozkarekin. Sari bikoitza lortu du, beraz, Ibarrako taldeak. Udane Ansa ilustratzailearen eskutik jaso dute saria.
Norbanakoen kategorian, aldiz, Amets San Pedro Tolosarrak irabazi du. Gaztetxoa bere kabuz aurkeztu da lehiaketan eta, publikoaren aldetik, norbanakoen kategoriako lanik gustukoena izan da berea. Juan Kruz Igerabide, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, eman dio saria.
Giro aparta izan da gaur San Telmo Museoko ekitaldi aretoan. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!
Ikusi ekitaldia HEMEN!