Gaur, maiatzaren 28an, goizeko 11:00etan, 2024-2025 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Gipuzkoako sari banaketa ekitaldia egin da Donostian, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean.
Bertan izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Gipuzkoako talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Ainhoa Etxebarria aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Alex Gurrutxaga Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea, Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusia eta Ane Abalde, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare Zuzendaria, lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten hiru erakundeen izenean.
Horiez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan den liburuetako baten idazleak ere izan dira ekitaldian: Martin eta Xabier Etxeberria, hain zuzen.
Aurten ere bi epaimahaik erabaki dituzte probintzia bakoitzeko irabazle nagusiak. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide), Igor Idoeta (Bizkaiko epaimahaikide) eta Eider Eibar (Bizkaiko epaimahaikide). Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu publikoaren bi sarien irabazleak.
Guztira, bost sari banatu dira:
Ekitaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan dute talde finalisten gelakideek, eta ziur gaude irabazleen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela sari-banaketa.
Parte-hartze handia
Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 40 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker hirugarren aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 18 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamairu urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 23k. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 240 booktrailer sartu dira lehiaketan.
Sari nagusiak
Gipuzkoan, Ikastetxeen kategorian, DBH 1-2 multzoan, TXERRI HEGALARIAK izan da garaile, Artxipelagoa (Elkar, 2023) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Irungo Eguzkitza BHI ikastetxeko taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Komikiaren autore diren Xabier eta Martin Etxeberriaren eskutik jaso dute saria.
Epaimahaiaren iritzia: “Aurkeztu direnen artean originalena izan da. Stop motion teknika erabili dute eta lanketa itzela egin dute muntaia osatzeko. Gidoia oso ondo egina dago eta liburuko trama nagusia primeran erakusten du. Musika aproposa erabili dute eta erritmo egokia du booktrailerrak. Finean, lan bikaina egin dute”.
Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, LAU GEHI BOST taldeak Etsai gordea (Elkar, 2013) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Jesuitinas Donostia ikastetxeko ikasleek osatzen du talde hau eta haientzat izan da sari nagusia. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusiaren eskutik jaso dute.
Epaimahaiaren iritzia: “Laburra eta bizi-bizia da. Muntaia, argazkiek ematen dioten efektua, erritmoa, musika, off ahotsaren kalitatea, arbelako eskema, dena ondo pentsatu eta zaindu dute. Lan borobila osatu dute, erakargarria eta irakurtzeko gogoa pizten duena. Lan bikaina, oso oso zaindua”.
Epaimahaiak norbanakoen kategorian aurkeztutako lanetako bat ere saritu nahi izan du, Nahia Elosegi Balentziagak Azken dantza New Yorken (Elkar, 2020) liburuari buruz egindakoa, hain zuzen.
Publikoaren Sariak
Publikoaren Sariak ere ekitaldian eman dira jakitera. Guztira, 970 bozka bildu dira aurten.
Ikastetxeen kategorian, Gipuzkoan, San Luis La Salle ikastetxeko IRAIANA taldeak irabazi du 115 bozkarekin, Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako liburuaren booktrailerra eginez. Ane Abalde Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare Zuzendariaren eskutik jaso dute saria.
Norbanakoen kategorian, aldiz, Nahia Elosegi Balentziaga Tolosarrak irabazi du berriz ere. Gaztetxoa bere kabuz aurkeztu da lehiaketan eta, publikoaren aldetik, norbanakoen kategoriako lanik gustukoena izan da berea. Alex Gurrutxagak, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, eman dio saria.
Giro aparta izan da gaur Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!
Ikusi ekitaldia HEMEN!