Hemeroteka

2026-06-25

Galtzagorriren liburutegi ibiltariez aritu gara Arrosa Irratien Sareko Zebrabidea irratsaioan

Ikasturte bukaerara iritsi gara eta Galtzagorri elkartearen bulegoan lur hartu dute berriro 11 liburutegi ibiltariek. Eskola txikiz eskola txiki ibili dira ikasturte honetan ere: 35 eskolek parte hartu dute Gipuzkoan, 25ek Bizkaian. Eta Araban egitasmoa jaio zaigu eta martxoan hasi genuen 4 eskoletatik zeharreko ibilbidea kutxa bakar batekin. Momentuz, bi egonaldi egin ditu kutxa horrek Maeztun eta Ozaeta-Barrundian hain zuzen; irailetik aurrera osatuko du zirkuitua Aramaio eta Lantziegora iritsita. Orain kutxak ondo jasota dauzkagu: liburuak berrituko ditugu, beharrezko konponketak egin eta dena prest izango dugu irailean berriz ekiteko.

2000. urtean jaio zen Liburuen Altxorra egitasmoa Gipuzkoan, Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzari esker. Iaz bete zuen mende laurdena probintzia horretan; eta aurten bete ditu 25 urte Bizkaian, 2001etik egiten baitugu han Liburu Ibiltariak izena duen egitasmo berbera, Aldundiko Euskara Zuzendaritzak lagunduta. Urteurren hori ospatzeko izan ginen Turtziozen egin zen Bizkaiko Eskola Txikien jaian, kutxa ibiltariaren altxorrak erakutsi zizkien Oihana Etxegibelek bertan bildu ziren haurrei. Lehen ere esan dugu: Aurten Araba batu zaigula. Hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaritzari esker izan da hori. Amets bat zen guretzat Arabara iristea. Lehen urratsa eman dugu.

Liburutegi ibiltari andana daude munduan zehar. Gureak gurpil gainean doaz. Baina badira, astoz, txirrinduz edo elefantez mugitzen direnak ere. Egitasmoaren helburuak, batez ere, haurren irakurtzeko zaletasuna eta irakurketa gaitasunak sustatzeaz gain, eskola txiki horiek kalitatezko liburuekin hornitzea da, denbora epe batez bederen. Egitasmoaren giltzarri dira kutxen barruan doazen liburuak (130, 45 berri urtero), eta kutxa horiek garraiatzen dituzten pertsonak: Imanol Mercerok Gipuzkoan; Oihana Etxegibelek Araba eta Bizkaian. Jasotzen dituzten haurrak eta bitartekariak ere bai. Bulegoan hau guztia bideratzen duen Larraitz Orkolaga lankidea ahaztu gabe.

Honetaz guztiaz solastu gara Arrosa Irratien Sareko Zebrabidea saioan Beto Carbo Muxikako Urretxindorra herri eskolako zuzendaria, Janire Abendibar Ozaeta-Barrundiako Barrundia HLHI-ko zuzendaria, Oihana Etxegibel bitartekaria eta Izaskun Jauregi Galtzagorriko idazkari teknikoa. Malen Frantsesenak lagundu gaitu ikasturte honetako azken saio honetan ere. Egitasmo honen eraginaz aritu gara, bakoitzaren bizipenez eta, bukaeran, liburu gomendagarrien zerrendatxo bat ere atera zaigu.

Entzun nahi baduzu, esteka honetan sartzera gonbidatuta zaude!