Hemeroteka


Compartir
2026-04-28

Galtzagorriko baliabideei buruz hizketan ekin diogu Gonagorriren seigarren denboraldiari

Kutxafundazioak babesa berretsi dio Gonagorri podcastari, eta seigarren denboraldiari hasiera eman diogu. Denboraldiko lehenengo piezan Galtzagorrik sortu eta sortzen dituen baliabideei buruz aritu gara Izaskun Jauregi elkarteko idazkari tekniko eta lankidearekin. Galtzagorrin egiten dugun lana eta sortzen ditugun erremintei ikusgarritasuna eman nahi diegu; izan ere, bitartekarientzat oso erabilgarriak diren baliabideak sortu ditugu, eta webgune honetan eskura daude; besteak beste, liburu gomendioak, urtez urtezko argitalpenak, obra ezinbestekoen zerrendak eta beste hamaika tresna. Batzuetan, bitartekariak ez daki zein obra aukeratu edo obra hori nola landu; we honetan erantzun, giltza eta gako asko gordetzen dira. Hortaz, pieza hau zokomiran aritzeko gonbidapena da. 

Horrez gain, Izei Gallastegi Molero gaztearen liburu gomendioa dakargu; Izeik berak sortu ditu hitzez egiten duen gomendioarekin batera entzungo dituzuen soinu, efektu eta musika. Lore Agirrezabalek, hasiera-hasieratik gurekin datorren bidelagunak, Asun Agirianoren Atzamarra albuma iruzkindu du. Kontaketa egiteko kontalari berria daukagu; hain zuzen, Nerea Ariznabarretak egingo ditu denboraldi honetako kontaketa guztiak; oraingoan, Amazoniaren sorrerari buruzko ipuinak ekarri dizkigu, eta kontaketa jakingarriekin harilkatu du. 

Denboraldi berria

Seigarren denboraldian sorpresaren bat egongo da, eta, aldi berean, aurreko denboraldien ildoari jarraipena emango diegu. Apirilean hasi eta abendura arte, abuztua ez beste hilabete guztietan, pieza batekin etorriko gara. Piezak gure webean eta ohiko plataformetan izango dituzue.