Gonagorri berria argitaratu dugu. Errisografiaz aritu gara oraingoan. Zer da? Riso makina erabilita serigrafiaren eta ohiko fotokopia teknika nahasten dituen modalitatea da. Fanzineak egiteko erabiltzen da, emaitza ez da perfektua eta haurrekin eta gazteekin sormena lantzeko egundoko erreminta dela uste dugu. Azken batean, garai batean ikastetxean bertan egiten genituen aldizkariak eta fanzineak, ezta? Batzuetan, iraganean berreskuratzeko tresnak aurkitzen ditugu. Errisografiaz aritu gara Another Press inprimategiko Begoña Cuberíarekin, eta zoragarri azaldu digu nola lan egiten duten Riso makinarekin. Haurrekin eta gazteekin aritzeko ohiko fotokopiagailu batek ere balio lezake fanzineak egiteko ideia hori berreskuratuko bagenu.
Naroa Lizarraldek Utzi kontatzen eleberria gomendatu digu; egiazki, fenomenoa izaten ari da gure podcastean; izan ere, hirugarren aldia da gomendioa egiten duen gazte batek Lauri Halse Andersonen nobela aukeratzen duela —Ainhoa Mendiluzek euskaratu zuen Minaberri bekari esker, eta Txalapartak argitaratu zuen 2025ean—. Lore Agirrezabalek fanzineak ekarri ditu, eta Nerea Ariznabarretaren ipuinaren protagonista printzesa bat da, baina nekazari izan nahi duen printzesa.