Hemeroteka

2023-05-19

Emozioz betetako Liburu Gaztea egitasmoaren hamaikagarren edizioko sari banaketa ekitaldia Tabakaleran

Maiatzaren 19an, goizeko 11:00etan, 2022-2023 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Gipuzkoako sari banaketa ekitaldia egin da Donostian, Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan.

Bertan izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Gipuzkoako talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Beatriz Egizabal aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Juan Kruz Igerabide idazlea eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusia; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean.

Horiez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen idazle eta editoreak ere izan dira ekitaldian: Migel Anjel Mintegi idazlea eta Antxiñe Mendizabal idazle eta Elkar argitaletxeko editorea, hain zuzen.

Aurten ere epaimahai batek erabaki ditu irabazle nagusiak. Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu bi kategoriatako irabazleak eta, azken horien izenak asteartean Bilbon ospatu zen ekitaldian jakitera eman baziren ere, Publikoaren Saria gaur jaso dute.

Guztira, bost sari banatu dira:

  • 2 sari Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoko irabazleari eta DBH3-4 multzokoari; lau lagunentzako abentura txangoa eta 200 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko.
  • Horrez gain, Publikoaren Sariak ere banatu dira. Boto bidez erabaki dira eta sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak). Irabazleek escape room baterako pasea eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua jaso dute.
  • Azkenik, bigarren urtez, Irakasle Saria banatu da.

Aretoaren edukiera arauak direla eta, soilik ikastetxeetako talde finalista eta garaileak bertaratu ahal izan dira ekitaldira. Hala ere, streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izan dute gainerako ikastalde eta ikastetxeek euren geletatik eta ziur gaude ekitaldian bertan zeudenen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela haien kideen sariketa.

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez.

Ikasturte honetan, guztira, 49 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamaika urte bete dituen lehiaketan Gipuzkoako 27 ikastetxek eman dute izena; Bizkaiko Foru Aldundiari esker lehen aldiz Bizkaian egin den lehiaketan , berriz, Bizkaiko 21k eta Arabako 1ek. Guztira, 4.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 429 booktrailer sartu dira lehiaketan: 428 Ikastetxeen kategorian eta 1 Norbanakoenean.

Irabazleak epaimahai batek hautatu ditu probintzia bakoitzean. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Jon Martin (Gipuzkoako epaimahaikide), Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide) Mireia Delgado (Bizkaiko epaimahaikide) eta Ane Lusarreta (Bizkaiko epaimahaikide).

Sari nagusiak

Gipuzkoan, Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, CHUPA CHUPS taldea izan da garaile, Limoiondoaren loreak (Elkar, 2017) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Koldo Mitxelena BHI ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat.

Epaimahaiaren iritzia: “Proiektua gustura eta mimoz egin dutela atzematen da. Limoiondoaren loreak eleberriko kontakizun nagusia modu distiratsuan kontatzen du Chupa Chups taldeak. Antzezpen lana eta jantzi eta atrezzoaren aukeraketa bikaina da. Aktoreak ere bilatu dituzte eta bideo guztian zehar pertsonaien aurpegiak ezkutatzeko egin duten ahalegin sortzaileari esker pertsonaiek eta eszenek sinesgarritasun handia dute. Azpitituluek booktrailerra irisgarri bilakatzen dute eta mezua indartzeko boterea ere hartzen dute. Gogo handiz egindako lana dugu hau.”

Saria Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusiaren eskutik jaso dute.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, NESKA SALATZAILEAK taldeak Kulero salatzaileak (Alai, 2015) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Jesuitinas Donostia ikastetxeko ikasleek osatzen du talde hau eta haientzat izan da sari nagusia.

Epaimahaiaren iritziz: “Eleberriaren trama nagusia zein den ulertzen da eta liburua irakurtzeko gogoa sustatzen du. Irudien aukeraketa bikaina da, hitzik gabe irudiek argumentua kontatu eta irakurtzeko gogoa pizten digute berehala. Muntaia bikaina da: argiztapena, planu aukeraketak, erritmoa, karakterizazioa, desenfokatutako irudiak, liburua booktrailerrean sartzeko era, kamera geldoa eta off ahotsa. Elementu guztiak zaindu dituzte eta horregatik da booktrailer hau aurtengo garaile. Oso lan profesionala egin dute”.

Saria Migel Anjel Mintegik, Kulero salatzaileak liburuaren idazleak, eman die.

Publikoaren Sariak

Horrez gain, Publikoaren Sarien irabazleak zeintzuk diren ere ekitaldian eman da jakitera. Guztira, 1.243 bozka bildu dira aurten. Ikastetxeen kategorian, Donostiako Arantzazuko Ama BHI ikastetxeko OLIBAK taldeak irabazi du 139 bozkarekin, Care Santosek idatzi eta Miren Agur Meabek itzulitako Gezurra (Giltza, 2021) liburuaren booktrailerra eginez. Eta Norbanakoenean, kategoria horretan aurkeztu den talde bakarrak irabazi du, Miren Agur Meabek idatzi eta Maite Gurrutxagak ilustratutako Itsasoaren atea (Elkar, 2021) liburuaren booktrailerrarekin. Bi liburu hauek Ezinbestekoak izeneko zerrendatik hautatuak dira.

Publikoaren iritziz, horiek izan dira aurtengo booktrailerrik onenak eta gaurko sari banaketa ekitaldian jaso dute haien saria.

Irakasle Saria

Azkenik, bigarren urtez irakasle sariketa ospatu da Liburu Gaztea sari banaketa ekitaldiaren barruan. Aurtengoan, Axular Lizeoko Esteban Mitxelena irakasleak jaso du saria. Aipamen berezia egin zaio urte luzez egitasmoan parte hartzen dabilen, inplikazioa erakusten duen eta irakurketarekin loturiko praktika honetan lan bikaina egiten ari den irakasle honi. Saria Idoia Altunak, pasaden urteko irakasle sarituak, eman dio.

Giro aparta izan da gaur Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!

Booktrailer guztiak eta egitasmoari buruzko info gehiago topatuko duzue laster www.ibbygaltzagorri.eus/liburu-gaztea/ estekan.