Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren liburu ete literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko gastuak laguntzen ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak kulturaren sustapenerako eta banaketarako diru-laguntzen bitartez. Literaturaren arloko sortzaileek (idazle, ilustratzaile eta idazleek) nahiz argitaratzaileek eskatu ditzakete: lehenengoek azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratu badituzte; bigarrenek azken bi urteetan gutxienez bost liburu argitaratu badituzte. Ikusi Mikusi, Euskal Haur eta Gazte Literatura Azokan parte hartzeko gastuak ere laguntzen ditu iaztik.
Egile eta argitaldariei azoka eta ekitaldi profesionaletan parte-hartzeko laguntzak ematen dizkien urteroko deialdi honetan, zerrendatuak datoz liburugintzari lotutako hitzordu profesionalak. Horien artean ageri da Ikusi Mikusi Euskal Haur eta Gazte Literaturari eskainitako Festibal bakarra. Ikusi Mikusi, 2021etik antolatzen dugu urtero Saran (Lapurdin) Mari Gorri elkarteak, Pamiela argitaletxeak, Sarako Udalak eta Galtzagorri elkarteak lankidetzan, beste hainbat erakunderen, enpresa eta fundazioen laguntzarekin. 2026an, urriaren 9 eta 10ean izango da, beti bezala lehenengo eguna eskola eta profesionalei eskainiko zaie; bigarrena familiei.
Deialdi honen bidez arte eszenikoak, musika, arte plastikoak eta literaturaren sustapena laguntzen du Jaurlaritzak. Literaturaren alorrari dagokionez 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31era EAEtik kanpo egiten diren honako azoketan parte-hartzeko gastuak ordaintzen laguntzera daude bideratuak: Frankfurter Buchmesse, Bologna Children's book fair, Fil Guadalajara, Liber, The London book fair, Edinburgh International book festival, Angoulème jaialdia, Parisko Saloa du livre, Buenos Aires liburua, Book espo America (NY), Bartzelonako komikiaren azoka, Madrilgo liburuaren azoka, Sant Jordi Bartzelona, Ars Libris (Arco Madrid), Sarako Ikusi Mikusi eta Aste Beltza (Gijón).
Horietan parte hartzeak sortzen dituen gastu hauek lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak: Izen-ematea, bidaia eta garraio gastuak eta ostatua eta dietak. Laguntzen guztizko zenbatekoa 30.000 eurokoa da aurten eta eskatzaile bakoitzari 5.000 euro emango zaio gehienez argitaletxeen kasuan; 3.000, sortzaileenean. Aurkeztutako gastuaren %75a lagunduko da gehienez. Hitzordu bakarrean parte hartzea lagunduko da, eta azoka batean baino gehiagotan parte hartu nahi izanez gero, puntuaziorik altuena da kontuan hartuko dena.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 25ean bukatuko da. Hemen topatu daiteke informazio guztia: https://www.euskadi.eus/bopv2/datos/2026/08/2603692e.pdf