Hemeroteka

2023-12-27

Booktuberboom_+ lehiaketako VII. edizioko irabazleak Maialen Esnal, Nerea Valluerca, Jakes Bermúdez eta Ana Izagirre dira!

Dagoeneko iritsi da Booktuberboom lehiaketaren VII. edizioa amaierara. Aurten sorpresa ugari izan ditugu: Booktuberboom_+ saio berriak YouTuben, Instagram eta TikTokeko erronkak… Baina Booktuberboom_+ lehiaketa bat denez, ezinbestean lehiaketa irabazi eta saria jaso duten artistak aipatzea dagokigu orain, haiek bihurtu baitira 2023ko liburuen influenzerrak!

Maialen Esnal larrauldarra izan da epaimahaiaren lehen sariaren irabazlea. Maialenek “Kale gorrian” (Robert Swindells; Itzul. Iñaki Mendiguren) liburuaren iruzkin eta gomendio zoragarria egin digu.

Epaimahaiaren hitzetan, “lan bikaina egin du Maialenek, bai eduki zein baliabide aldetik. Arreta berezia jarri die aukeratutako abestiari (liburuaren izenburuari erreferentzia zuzena eginez), muntaiari, jantziei, makilaiari eta baita bideoaren erritmoari ere. Aipatzekoa da Maialenek kamera aurrean hitz egiteko duen erraztasuna eta naturaltasuna, oso gustura ikusten den booktubea egitea lortu du. Booktuber izateko jaioa!”.

Booktuber lanetan jarraitzeko kamera, tripodea eta mikrofonoa irabazteaz gain, liburu eta disketan gastatzeko 200€ko bonoa ere eskuratu du. Maialenen kasuan, booktube modu pribatuan aurkeztu du lehiaketara, Booktuberboom_+ lehiaketan bideoak publiko edo pribatuan aurkezteko aukera eskaintzen baita.

Epaimahaiaren bigarren saria Nerea Valluerca gasteiztarrak jaso du. Jon Arretxeren “Kleopatra” liburuaren iruzkin eta gomendioa egin digu bere booktube bideoan.

Epaimahaiaren hitzetan, “Oso booktube txukuna egin du. Lan dinamiko eta entretenigarria sortu du Valluercak. Arraro gelditzen da aurreko kamararekin grabatua egotea eta beraz irudia/liburua alderantziz agertzea. Hala ere, bideo muntai ona egin du, liburua gustuko izatearen arrazoiak azaldu ditu eta horrek irakutzeko gogoa pizten du ikuslearengan. Nerea naturaltasun handiz jardun da kamera aurrean, booktuber peto-petoa.”.

Nerea Valluercak abentura kamera eta liburu eta disketan gastatzeko 100€ko bonoa eraman ditu egindako lanarengatik. Bere lana ikusgai duzue YouTuben!

Azkenik, aipatzekoa da aurten, lehenengoz, Booktok eta Bookstagram kategorietan ere lanak jaso ditugula. Bi ordiziar izan dira kategoria horietako irabazleak!

Bookstagram kategoriakoa Jakes Bermúdez izan da, “Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” (John Boyne; Itzul. Mirentxu Larrañaga) liburuari buruz egindako lanarekin. Epaimahaiak honakoa esan du: “Jakesek sortutako konposizioa landua da, iradokitzailea eta, argazkia teknikoki onena ez den arren, oso originala da. Istorioaren pasarteetako bat errepresentatu du era sinple baina eraginkorrean. Aukeratutako testuak ere irakurtzeko gogoa pizten du, gehiago jakiteko gogoa eta hori da, azken finean, bookstagramaren helburua”.

Booktok kategoriako garailea, berriz, Ana Izagirre izan da “Anne Franken Egunkaria” (Anne Frank; Itzul. Josu Zabaleta) liburuari buruzko booktokarekin. Epaimahaiak esan duenez, “Originala dudarik gabe, eta guztiz boladan dagoen formatuan gainera (GRWM). Oso jarrera ona du kamera aurrean, sare sozialetan esperientzia dutenen antzera hitz egiten du. Hizkuntza arras ongi erabiltzen du, azalpen oso garbi eta egokiekin. Musika aukeraketa eta bideo muntaia bikain egin ditu eta iraupena egokia da. Hala ere, aurrerantzean arreta bereziagoa eskaini beharko lioke aukeratutako gaiarekin lotzen duen ekintzari, batzuetan desegokia izan baitaiteke. Booktoker bikaina izateko gaitasuna du.”

Zorionak irabazle guztiei!