Hemeroteka


Compartir
2025-06-03

Bizkaiko Liburu Gaztea egitasmoaren hirugarren edizioko sari banaketa ekitaldi arrakastatsua Azkuna Zentroan

Gaur, ekainaren 3an, goizeko 11:00etan, 2024-2025 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Bizkaiko sari banaketa ekitaldia egin da Bilbon, Azkuna Zentroko Bastida aretoan.

Bertan izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Bizkaiko talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Ainhoa Etxebarria aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Nestor Atxikallende, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Burua, eta Eider Eibar, ilustratzailea eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea, lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean. Horiez gain, Gari Arzallus, Erein Argitaletxeko kudeatzailea, eta Mireia Delgado, Liburu Gaztea hautaketa batzordeko kidea, ere ekitaldian izan dira.

Aurten ere epaimahai batek erabaki ditu irabazle nagusiak. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Igor Idoeta (Bizkaiko epaimahaikide), Eider Eibar (Bizkaiko epaimahaikide), Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide). Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu bi kategoriatako irabazleak.

Guztira, lau sari banatu dira:

• Epaimahaiaren sariak:

  • Ikastetxeen kategoria: DBH1-2 multzoko irabazleek eta DBH3-4 multzokoek abentura txangoa eta 250 euroko bonua irabazi dute liburu eta diskotan gastatzeko.

  • Norbanakoen kategoria: e-readerra, vlogger izateko set txikia eta liburu eta diskotan gastatzeko 150 euroko bonua irabazi du.

• Publikoaren saria: talde irabazleak escape room baterako pasea eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua irabazi du.

Ekitaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan dute talde finalisten gelakideek eta ziur gaude ekitaldian bertan zeudenen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela haien kideen sariketa.

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 40 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker hirugarren aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 18 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamairu urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 23k. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 240 booktrailer sartu dira lehiaketan.

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, ALEIJUO taldea izan da garaile, Artxipelagoa (Elkar, 2023) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Abadiño BHI ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Saria Mireia Delgado Liburu Gaztea hautaketa batzordeko kidearen eskutik jaso dute .

Epaimahaiaren iritzia: “Osatuena iruditu zaigu: azalpena, galdera tentagarriak... gidoia ondo dago dinamikoa da eta tentsioa mantentzen du. Edizio txukuna dauka eta antzezpen lan handia. Zorionak!

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, Chaima Mokkeddem, Alaitz Sanchez eta Tinghui Zhu taldeak Sherlock Holmesen abenturak (Igela, 2020) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Elorrio BHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria, Nestor Atxikallende, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Buruaren eskutik.

Epaimahaiaren iritzia: Lan profesionala dirudi. Gidoia, irudien tonua, kolorea, musika eta efektuak oso landuak daude. Liburua ondo aurkezten du, ez du ezer destripatzen eta, beraz, jakinmina pizten du. Zorionak!

Epaimahaiaren sariekin amaitzeko, Norbanakoen kategoriako saria ere banatu da. Jare Garitaonandia Lekunberri atxondotarra izan da aurtengo irabazlea Mundua Pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein, 2023) liburuari buruzko booktrailerrarekin. Jarek Gari Arzallusen eskutik jaso du saria.

Publikoaren Sariak

Publikoaren Sarien irabazleak zeintzuk diren ere ekitaldian eman da jakitera. Guztira, 970 bozka bildu dira aurten. Ikastetxeen kategorian, Bizkaian, Ondarroa BHI ikastetxeko ALZAWAYA2 taldeak irabazi du 37 bozkarekin, Ezezagunak (Giltza, 2019) liburuaren booktrailerra eginez. Talde honek, Eider Eibar ilustratzaile eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik jaso du saria.

Giro aparta izan da gaur Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!

Ekitaldia osorik ikusi HEMEN