Urtarrilaren 25etik 29ra egingo dugu Biko-tekaren 2027ko edizioa. Urtero bezala, 8 bikote hautatuko ditugu albumak eta liburu ilustratuak sortzeko narraziogintza eta ilustraziogintza tailerrean parte hartzeko. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 27ra arte.
Idazle eta ilustratzaile hasiberrientzat da 37 orduko tailer trinko hau. Astelehenetik ostiralera, goiz eta arratsaldez biltzen ditugu bertan idazle eta ilustratzaileak, lan-bikotetan banatuta. Parte hartu nahi dutenek bi eratara egin dezakete: bakarka edo bikotean aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei, irakasleek, bikotea topatuko diote. Idazleei ilustratzailea eta ilustratzaileei idazlea. Tailerra bukatzerako bikote bakoitzak album baten proiektua abiatuko du.
Bikotean praktikatzen baita literatura tailer honetan. Eta irakasleak ere halaxe: idazle batek eta ilustratzaile batek osatutakoa izaten da. Aurten, bikote-aldaketa egin dugu, eta Iñigo Astizek Maite Gurrutxagarekin batera gidatuko du tailerra.
Bi dira baita ere bisita egingo diguten editoreak: aurten Denonartean argitaletxeko Unai Pascual eta Haria haurrentzako euskarazko albumen harpidetza-zerbitzu eta argitaletxeko Mirentxu Ibargarai etorriko dira tailerreko partaideekin solastera asteazken goizarekin.
Aldaketa gehiago ere badago. Izan ere Kondestablearen Jauregia izaten da tailerraren plaza, baina aurten konponketa-lanetan ariko dira urtarrilaren bukaeran eta beraz, orain urte batzuk genuen espazio berera itzuliko da tailerra: Iruñeko Descalzos Kaleko igogailuaren ondoko udal aretora.
Iruñeko Udalarekin batera Galtzagorri elkarteak antolatzen duen tailer honek 11. edizioa izango du 2027koa. Hamar edizio hauetan albumgintzan hasten ari ziren 140 egile baino gehiago ezagutu ditu Biko-Tekak. Aurtengoak ezagutzeko ere irrikan gaude.
Parte hartu nahi duten idazle eta ilustratzaileek, ohiko dokumentazioaz gain (NAN, telefono zenbakia, curriculuma, e-posta helbidea), honakoa aurkeztu behar dute:
-Ilustratzaileek irudi-kate bat osatzen duten 3 ilustrazio.
-Idazleek gehienez orrialde bateko luzera duen testu laburra.
-Bikotean aurkezten direnek landu nahi duten proiektuaren zirriborroa.
Deialdiaren informazioa osoa, hemen topatu daiteke.