Hemeroteka

2022-11-15

BIKO-TEKA tailerrerako izen-ematea ireki dugu

Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatuko dute BIKO-TEKA tailerraren zazpigarren edizioa. Urtarrilaren 23tik 27ra egingo dugu Iruñeako Kondestable jauregian, 09:00etatik 19:00etara (bazkaltzeko bi ordu tartean). Tailerra Iruñeako Udalarekin batera antolatzen dugu eta Etxepare Sarien laguntzarekin. Izen-ematea ireki dugu eta abenduaren 2ra arte zabalik egongo da. 

BIKO-TEKAn ilustratzaile bat eta idazle bat elkartzen ditugu, izena banaka edo bikotean eman daiteke; banaka emanez gero, bikoteka aurkituko dizugu. Album ilustratu bat sortzeko laguntza eta aholkularitza jasoko dituzu, eta albuma bertan sortzeko aukera izango duzu, baita aurretik egindako sormen-lanen bati forma emateko aukera ere. 

Hurrengo edizioan Garazi Arrula Txalapartako editoreak euskal edizio munduaz eta Asun Agiriano Arrasateko Udal Liburutegiko zuzendariak liburutegietatik egiten duten bitartekaritzaz eta irakurleen zein gurasoen irakurle-esperientziaz mintzatuko da. Biek parte hartu dute sortzaile bezala BIKO-TEKA tailerraren aurreko edizioetan. 

Zer behar duzu izena emateko?

Hasteko tailerra egiteko gogoa. Horrez gain, ilustratzailea bazara zure lanaren estiloa erakusten duten hiru ilustrazio bidali beharko dituzu. Idazlea bazara, testu bat. Bikotean aurkeztuz gero, elkarrekin egiten ari zareten lanaren lagina. Curriculuma eta NAN zenbakiaz gain, posta elektronikoa eta telefonoa atxiki beharko dituzu. Abenduaren 16an jakingo duzu aukeratua izan zaren. 

Informazio guztia daukazu BIKO-TEKAren deialdian