Aieteko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokoa leku berezia eta estimatua da. Izan ere, artista interesgarrien lanak ikusgai jartzen ditugu. Abenduaren 7ra arte, Berta Suescun Erro (Gares, 1974) ilustratzailea izango da txokoko protagonista.
Berta Suescunek arkitektura Teknikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta hori da bere lanbidea. Ikasketak bukatu zituenetik, arkitektura-estudio, enpresa eta Nafarroako Gobernuaren departamentu ezberdinetan lan egin ondoren, 2005ean Iruñeko Udalean hasi zen lanean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako arkitekto tekniko modura.
Gaur egun, ogibide duen arkitekto lana bere pasio handienetakoak diren artearekin eta ilustratzaile lanarekin uztartzen du. Ilustratzaile bidea modu autodidaktan hasi zuen, eta bere prestakuntza haur-ilustrazioari eskainitako lantegi eta ikastaro ugarirekin osatu du. Besteak beste, Marián Lariorekin ikastaro andana egin ditu, hala nola, album ilustratuari, konposizioari, koloreari edota albumen azalaren diseinuari eskainitakoak.
Teknika mistoak erabiltzen ditu nagusiki, eskuz egindakoa eta digitala uztartuz. Bere lan egiteko moduari dagokionez, bozetoak egitea atsegin du, bozeto txiki asko. Gustukoa duen emaitza lortzean, eskala handitu eta detaileak egiteari ekiten dio. Behin ilustrazio definitiboa duenean, arkatzaz definitu, eskaneatu eta kolorea digitalean gehitzen dio. Koloreekin eta testurekin jolastea atsegin du eta denbora eskaintzen dio azken pausu horri.
Ilustratzaile bezala, publizitate lanetan aritzen da gehienbat (jaialdiak, antzerkia, erakusleiho-apainketa). 2018an eta 2024an Arte&Trenza izeneko Ilustrazio Lehiaketa irabazi zuen. Aipaturiko lehiaketa, La Trenza de Almudévar izeneko gozo famatuaren inguruan antolatutakoa da.
Haur-ilustrazioari dagokionez, lan ezberdinak egin ditu. Alde batetik, Meraki Tanttak proiektu literarioan parte hartu zuen El niño azul ipuina ilustratuz, beste bederatzi ilustratzaile nafarrekin batera. Meraki Tanttak Rebecca Gil irakasle eta idazleak gidaturiko proiektua izan zen. Bi liburu argitaratu ziren proiektuaren barruan: lehenengoan, berak idatzitako eta artista ezberdinek ilustratutako 11 ipuin errimatu argitaratu ziren. Bigarrenean, ipuin horiek lantzeko baliabide, proposamen eta dinamika ezberdinen bilduma.
Horrez gain, Javier Fernandezekin batera Menudo castillo albuma argitaratu zuen 2020an, Amigos del Papel argitaletxearekin. Azken hori finalista izan zen VI. Tres Cantos-Madrid Haur eta Gazte Literatura Jaialdiko (2021) Torre del Agua sarietan, eta hautatua izan zen OEPLIk, Espainiako Haur Liburuaren Erakundeak, urtero plazaratzen duen Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren 2020ko hautaketan.
Beste hainbat artista nafarrekin batera sortutako Variopintas Kolektiboa taldeko kidea da. Erakusketa ezberdinak egin dituzte udal ezberdinentzat zein Nafarroako Gobernuarentzat; besteak beste, Correspondencia (2023) eta Arts Naturae-Natura Artis (2025).