Gonagorriren 44. piezarekin gatoz. Sortzea eta irakurtzea bizikleta beraren bi gurpilak direla dio Mariasun Landa idazleak; biak ala biak ezinbestekoak dira. Gaia lantzeko Behe Bandako kideak gonbidatu genituen, eta June Aiestaran eta Maddi Agirre egon dira Gonagorrin. Zer da Behe Banda? Gazteek osatutako sortzaile banda bat da, Argian bi astean behin artikulu bat argitaratzen dute —artikuluarekin batera argazki muntaiak edo collageak ere bai—, eta Behe Bandaren webgunean sortu ahala argitaratzen dituzten Aleak fanzinearen lehenengo hiru atalak irakur ditzakezue; bidean da laugarrena. Gonagorrin, besteak beste, nola irakurri zieten, zein harreman izan duten liburuekin eta sormenari nondik heldu zioten galdetu diegu; izan ere, haurtzarotik eta gaztarotik geu baino hurbilago daude, eta euren htizetan "sasihelduaroan" dauden honetan freskoago dituzte oroitzapenak.
Ura Elduaien Agirrezabal gazteak liburu gomendioa egin digu, xehe eta eder, eta Lore Agirrezabalek barruan sorpresa duen euskal banda sortzaileen atzera begirakoa egin du. Nerea Ariznabarretak txori bat, merkatari bat, India eta kaiola bat kontatu dizkigu.