Gipuzkoako zein Bizkaiko epaimahaiek Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketan finalera sailkatu diren trailerrak hautatu dituzte. Hortaz, azken txanpara iritsi gara eta laster izango dugu irabazleen berri!
Gainera, publikoaren bozka jasotzeko fasea itxi berri dugu eta baditugu publikoaren bozka gehien jaso dituzten booktrailer bideoen izenak! Hala ere, guzti honen berri datozen egunotan izango duzue, hain zuzen ere, LIBURU GAZTEA booktrailer sari banaketa ekitaldietan.
Lehenengoa Gipuzkoan izango da. KUTXA KULTUR-ek, aurten ere, gure ekimenarekin bat egin nahi izan du eta haiekin elkarlanean antolatuko dugu aurtengo Gipuzkoako sari banaketa. Hain zuzen, Maiatzaren 28an, goizeko 11:00tan, Tabakalerako Kutxa Kluba aretoan. Bizkaiko ekitaldia, aldiz, ekainaren 3an izango da, goizeko 11:00tan. Bilboko AZKUNA ZENTROko Bastida Aretoan.
Bi ekitaldi horietan ezagutuko ditugu bi probintzietako irabazleen izenak. Ekitaldiak presentzialak izango badira ere, ezingo dute ikastetxeko kide guztiek bertaratu. Horregatik, sari banaketa streaming bidez ere jarraitzeko aukera egongo da (estekak: GIPUZKOA eta BIZKAIA ). Hala, ikastetxean geratzen zaretenok ere zuen apustuak egin eta zuzeneko txatean animoak eman ditzakezue!
Esan bezala, bi probintzietako kategoria bakoitzean 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?
Gipuzkoa:
DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, IZARRAK (Elizalde BHI) Limoiondoaren loreak liburuaren booktrailerrarekin eta TXERRI HEGALARIAK (Eguzkitza BHI) eta UGALDETXO (Elizalde BHI) taldeak Artxipelagoa liburuaren booktrailerrekin.
DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, BIDE EZKUTUAK (Jesuitinas Donostia) Ikusezin liburuaren trailerrarekin, EAKIGU (Elizalde BHI) Hormak liburuaren trailerrekin eta LAU GEHI BOST (Jesuitinas Donostia) Etsai gordea liburuaren booktrailerrarekin.
Bizkaia:
DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, ALEIJUO (Abadiño BHI), MIKA (Abadiño BHI) eta TAUPADAK (Lauaxeta Ikastola) taldeak, Artxipelagoa liburuaren trailerrekin.
DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, ALZAWAYA2 (Ondarroa BHI) taldea, Ezezagunak liburuaren trailerrarekin eta CHAIMA MOKEDDEM, ALAITZ SANCHEZ, TINGHUI ZHU (Elorrio BHI) eta EKAIN COLLANTES, MADDI GONZALEZ, TXABER LLAMAS ETA XABIER ZABALA (Elorrio BHI) taldeak Sherlock Holmesen abenturak liburuari buruzko trailerrekin.
Publikoaren bozka gehien jaso duten ikastetxe eta norbanakoen kategoriatako hiru booktrailerrak ere sarituak izango dira ekitaldietan. Maiatzaren 28an, Donostian, eta ekainaren 3an, Bilbon, jakingo dugu nor den kategoria bakoitzeko irabazlea.
Abentura txangoak eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko bonuak daude jokoan. Nor izango ote da aurtengo booktrailer zuzendari eta interprete garailea? Egin apustu!
Eta, ez ahaztu! Bozkatu duten pertsona guztien artean bi sari zozkatuko dira, bata Gipuzkoan eta bestea Bizkaian. Aurrerago izango duzue honen berri ere!