Hemeroteka

2026-11-26

Azken orduak BIKO-TEKAn izena emateko

Urtarrilaren 25etik 29ra egingo dugu Iruñean –Descalzos Kaleko igogailuaren ondoko udal aretoan– 2027ko BIKO-TEKA albumak sortzeko tailerra. Ostiral honetan, azaroak 27, amaituko da bertan parte hartzeko izen-emate epea. BIKO-TEKA liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra da, non idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean aritzen diren astebetez. Tailerrean zehar ikasgai teorikoak jasotzen dituzte, ariketa asko egiten dituzte eta, batez ere, bikote bakoitzak haurrentzako album baten proiektua sortzen du. Etorkizunean album bat izango denaren lehen hazia ereiten du.

Tailerraren nondik norakoak gertutik ezagutzeko, Arrosa sareko irratietan eskaini berri dugun elkarrizketa entzun dezakezu hemen.

XI. edizioa izango da 2027koa eta dagoeneko ekarpen handia egin dio tailerrak euskarazko albumen panoramari. Edizio askotan jaiotakoak dira gerora Etxepare Haurrentzako Album Ilustratuan sarituak izan diren aleak. Saria irabazi ez, baina argia ikusi duten beste album ugariren sorgune ere izan da.

Haurrentzako album berriak sortzea ez da tailerraren dohain bakarra. Izan ere, sortzaileak saretzea eta trebatzea dira honen beste bi eragin nabarmenenak. Urte hauetan guztietan tailerrean parte hartu dutenek behin eta berriz adierazten dutenez, albumen mundua modu sakonean eta gertutik ezagutzeko parada izateaz gain, beste sortzaileak ezagutu eta haiekin batera giro ederrean lan egiteko denbora eta espazioa da.

Harremanak dira tailer honen funtsa. Bikotean praktikatzen baita literatura bertan. Irakasle eta mentore lanak ere puntako idazle eta ilustratzaileek osatutako bikoteek egiten dituzte. Aurten, bikote-aldaketa egin dugu, eta Iñigo Astizek eta Maite Gurrutxagak gidatuko dute tailerra.

Idazle eta ilustratzaile hasiberrientzat da 37 orduko tailer trinko hau. Astelehenetik ostiralera, goiz eta arratsaldez biltzen ditugu bertan idazle eta ilustratzaileak, lan-bikotetan banatuta. Parte hartu nahi dutenek bi eratara egin dezakete: bakarka edo bikotean aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei, irakasleek, bikotea topatuko diete. Idazleei ilustratzailea eta ilustratzaileei idazlea.

Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatzen duen lantegi honetan parte hartzeko bete behar diren baldintzei eta aurkeztu behar den dokumentazioari buruzko xehetasun guztiak hemen dituzu.

Ez utzi aukera pasatzen eta animatu zaitez binaka albumak sortzera!