Hemeroteka

2025-11-10

Azken egunak “Literatura esperientziak gazteekin” saioan izena emateko

Azaroaren 14an itxiko da Galtzagorri elkartearen Irakurketa mintegiaren baitan aurten eskainiko dugun prestakuntza saioan izen-emateko aukera. Lau orduko saio honetan gazte-literatura izango dugu mintzagai, horretarako bitartekari hainbatek gazteekin bizi izan dituzten literatura esperientzietatik abiatuko gara. Bizipen horiek entzuleekin partekatuz, denen artean gazteekin landu daitezkeen eta ondo funtzionatu dezaketen praktikak antzemateko xedea du “Literatura esperientziak gazteekin. Sormena, heziketa literarioa, gustu estetikoa eta pentsamendu kritikoa" saioak.

 

Bi zatitan banatu dugu ikastaroa: lehendabizikoan, Miren Billelabeitia gazte-bitartekaritzako aditua gonbidatu dugu gazteak irakurketaren praktikara bultzatzeko bere esperientzia azaldu dezan. Saioari zuku handiagoa ateratzearren, Billelabeitiak etxeko lanak jarri dizkie izena ematen dutenei: “Aitita-amamen Guda Zibila” (M. Billelabeitia eta Mungia BHIko ikasleak. Hitzaurrea: R. Saizarbitoria. Erein, 2019) liburua eskuratu, irakurri eta pasarte bat-bi aukeratzeko eskatu die. Pasarte horien gainean ikastaroko partaideek dituzten iritziekin, literatura-tertulia bat bideratzea da Billelabeitiaren asmoa.

Billelabeitiaren ondotik, mahai-inguru batera gonbidatu ditugu gazte literaturako irakurketa eta idazketa talde desberdinen gidariak. Olatz Mitxelenaren gidaritzapean, Nerea Loiolaren, Peru Magdalenaren eta Eider Perezen esperientziak eta bizipenak entzun ahal izango dituzte partaideek.

Galtzagorri Elkarteak 2007an jarri zuen martxan Haur eta Gazte Literaturako Irakurketa Mintegia. Haren egitarauaren barruan, urtero antolatzen dugu tailer, hitzaldi edo ikastaro bat. Haur eta gazteen eta liburuaren arteko bitartekaritza lana egiten dutenen prestakuntzak kezkatzen gaituelako antolatzen ditugu urtero. Batetik, gure mintegiko kide diren irakurleak trebatzeko; bestetik, haurren eta gazteen heziketa literarioa lantzen duten eta irakurzaletasuna sustatzeko interesa duen bitartekari ororengana iristeko borondatez antolatzen ditugu: izan irakasle, bibliotekari, kultur teknikari, editore, irakurketa proiektuetako begirale edo animatzaile.

NON: Donostiako San Telmo Museoko ekitaldi aretoan

NOIZ: azaroak 22, 10:00etatik 14:00etara

NOLA: Izena emateko inprimaki hau bete behar da eta diru-sarrera egin. Gehienez 50 ikaslek parte har dezakete. Eta oraindik badira leku batzuk. Hemen informazio guztia.

  • Galtzagorriko mintegiko kideentzat doan.
  • Galtzagorriko bazkideak: 35 euro.
  • Ez-bazkideak: 50 euro.