Desgaitasunari buruzko Haur eta Gazteentzako Liburuetarako IBBYren Dokumentazio Zentroak euskarazko izenburu bat eta katalanezko bi aukeratu ditu IBBY Espainiak 2027ko hautaketarako proposatutako hamabi lanen artean. Hauexek izan dira hautatuak:
-“Autismoa eta biok”. Oihan Iriarte Eletxigerra. Txalaparta, 2025.
-“¿Qui viu ahí?”. Anna Escrig Escrig eta Carles Vercher Ferrer. Caliu Editorial, 2025.
-“Mirada estrábica”. XIULA Music Band eta Mariona Tolosa Sisteré. Editorial Mediterrània, S. L., 2025.
Galtzagorri elkarteak hautatua izan den “Autismoa eta biok” lanaz gain, beste hiru proposatu zituen: “Tartaro”, Xantal Barnetxe eta Leire Perret. Txalaparta, 2025; “Klera”, Leire Bilbao eta June San Sebastian. Elkar, 2024; eta “Ordu batetik hamarretara”, Maite Rosende. Denonartean, 2023.
Aurtengo ediziorako 216 proposamen jaso dira, munduko 30 herrialdetatik etorriak eta 36 hizkuntzatan idatziak. Horietatik, 26 herrialdetako eta 22 hizkuntzatako 40 liburu aukeratu dira, 2022 eta 2026 artean argitaratutako eta desgaitasunen bat duten haur eta gazteei zuzenduta edo haien esperientziak eta errealitatea jorratzen dituzten liburuen bilduma adierazgarria eskaintzeko asmoz
Hautatuak izan diren liburuen zerrenda 2027ko Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokan aurkeztuko du IBBYk. 2027ko urtarrilean IBBYren web gunean ere zabalduko da eta bertan eskuragarri izango da liburu hautaketa honen katalogo digitala.
Bilduma Torontoko Liburutegian
Desgaitasunari buruzko Haur eta Gazteentzako Liburuen IBBYren bilduma Torontoko (Kanada) Liburutegi Publikoan dago kokatua. Desgaitasunen bat duten haur eta gazteei bideratutako aleek edo hauen bizipenak biltzen dituzten liburuek osatzen dute bilduma. Bilduma osatzeko, mundu guztiko IBBYko atalek haien herrialdeko hizkuntzan argitaratutako izenburuak proposatzen dituzte bi urtez behin. Horiek baloratu ondoren, IBBYk izenburu batzuk hautatzen ditu eta horiekin osatzen du bi urtez behineko hautatuen zerrenda. Hemen kontsulta daitezke aurreko urteetako liburu hautatuen zerrendak.
Hautatuak izan ez diren izenburuak Torontoko Liburutegiaren funtsa osatzeko erabiltzen dira. Funts hori kontsulta daiteke, egile, argitaletxe, hizkuntza eta gaiari buruzko bilaketak eginez. Mundu guztiko ikerlariek erabiltzen dute funts hau eta Liburutegira bisita egiteko hitzorduak ere lotu daitezke ale fisikoak ikusi ahal izateko.