Hemeroteka

2026-06-08

Aurkezpenekin hasi da hemezortzigarren Marrazioak tailerra

Pixkanaka iristen joan dira Igeldoko Undermount Kultur espaziora Marrazioak honetarako hautatuak izan diren hamar ilustratzaileak: Maria Urra, Bernarda Beñat Garmendia, Nerea Urrestarazu, Noemi Ruiz, Yera Sanchez, Koro Lizarreta, Maria Izaskun Etxebeste, Izarne Zelaia, Kristina Fernandez eta Patricia Etxegarai.

Bakoitzari aurpegia jarri eta kafeaz lagundurik mahaiaren bueltan eseri dira, bai partaideak bai lehendabiziko aldiz tailerra gidatuko duten Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzailea eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria. Tailerraren nondik-norakoa aurkeztu dute bien artean: eguneroko lan-dinamikaz aritu zaizkie, jardun bakoitza “esnatze” ariketekin hasiko baitute ondoren “esplorazio” ariketetara igarotzeko.

Tarotak biltzen dituen arkanoak aurkeztu dizkiete ondoren parte-hartzaileei. Tarotean sakontzea ez da tailerraren helburua, argitu dute irakasleek. Bai ordea, tarot karta-jolasak dituen 22 irudiak, bizitzako une eta kontzeptu ezberdinei lotutakoak, baliatzea istorioak asmatzeko. Partaide bakoitzak aukeratu beharko du gehien erakartzen duen arkanoa eta horrekin ilustratutako kontakizuna nondik sortu bilatzeari ekin.

Aukeratua izan den ilustratzaile bakoitzaren txanda  iritsi da gero: norberak bere burua aurkeztu du, eta, gainera, irakasleen mandatuz ekarritako gustuko albumak erakutsi dizkio mahaiaren bueltako kideei. Harri bitxi asko ikusi ditugu.

Eta horrela, lanari ekin diote Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesarekin antolatzen duen Marrazioak tailerrean. Ostiralera bitarteko denbora ondo zukutu eta aurten ere tailerra espazio emankorra izango dela ziur gaude.