Hemeroteka

2025-09-26

Artistek argitaletxeekin Ikusi Mikusi Festibalean bilerak egiteko hitzorduak egin ditzakete

 

IKUSI MIKUSI Haur eta Gazte Literatura Festibala urriaren 10 eta 11n izango da Saran. Lehendabiziko eguna, ostirala, Eskolen Eguna eta Profesionalena izango da. 11, berriz, Familiei eskainia egongo da. Profesionalen Egunean, 15:00etatik 16:00etara aurreikusi dituzten porfesionalen arteko topaketetarako izena eman daiteke irailaren 30era arte. Topaketak artisten eta argitaletxeko ordezkarien arteko bilerak dira. Artistek, izena ematerakoan, argitaletxe hauen artetik hiru aukera ditzake:  1545 - Alberdania - Amesgile - Denonartean - Erein - Elkar - Harriet - Ikas - Ibaizabal - Pamiela -Txalaparta - Zortziko- ZTK. Izena emateko norbere lanaren idatzizko aurkezpena —bi lerro— eta hautatuko hiru argitaletxeen izenak mezu batean bildu eta bidali honako helbidera: ikusimikusi@gmail.com

Horrez gain, Profesionalen Egunerako egitarau oparoa prestatu dugu. Goizean, Galtzagorriko Mireia Delgadok eta Saroa Bikandik 2024an argitaratu eta kalitatearen arabera aukeratutako EHGLko hainbat izenburu aurkeztuko dizkiete bitartekariei eta, ondoren, profesionalek azokatik itzulia egin ahal izango dute.

Itzuli horren ostean, eta 2025ean lehenengo aldiz, profesionalek aukera izango dute, doan, Festibalean eskainiko diren bi ikuskizun edo tailer ikusteko:

.12:30etan joan daitezke lehendabizikora (edo, aukeran, Plekara bazkaltzera ere joatea aukeratu dezakete).

.14:00etan bigarrenera.

Interesa duten bitartekariek zein tailer edo ikuskizunera joan nahi duten aukeratu dezakete. Aldez aurretik hautatu beharko da eta horretarako informazio osoa ikusimikusi.eus atarian aurkitu daiteke. Hala ere, ikuskizunetarako ez bezala, tailerretarako lekuak oso mugatuak dira, eta horregatik gerta liteke azken horietan parte hartzeko aukera egin dutenei lekua bermatu ezin izatea. 

Eguna bukatzeko, urtero bezala, “(H)egoaren (h)egiak” mahai-ingurua egingo da arratsaldeko 16:00etan. Bertan parte hartuko dute Mireia Delgado bitartekari literarioak, Paula Estevez ilustratzaileak, Idoia Rodriguez genero pedagogo eta  idazleak eta Ainara Lopez Zarco Parean elkarteko kideak.