Gonagorriren pieza berria duzue entzungai. Oraingoan fotoliteraturaz aritu gara, eta gaiari heltzeko Piu Martinezekin egin genuen hitzordua Bilboko lorategi batean. Martinez editorea da, idazlea, scout-a eta bitartekarien trebatzailea; begiradaren entrenatzailea da, irudian, diseinuan eta alfabetizazio bisualean aditua. Galegoa da jatorriz eta Bartzelonan bizi da. Hori guztia esanda, elkarrizketa gaztelaniaz egiten dugun lehenengo aldia da, salbuespen gisa. Fotoliteraturaren historia eta ezaugarriak jorratu ditugu; betiere, haur eta gazte literaturaren eremuan. Argazki albumak hor daudela eta bitartekarientzat tresna itzela direla erakustea izan dugu helburu.
Elkarrizketaz gain, Lur Irasuegi gaztearen gomendioa entzun dezakezue; Liburu Hari Boom Galtzagorrik antolatzen duen gazteei zuzendutako lehiaketako iazko irabazleetako bat izan zen, eta Martin Martina, Amancay Gaztañagaren sagaren liburuetako bat gomendatu du. Lore Agirrezabalek, ahots eztiz, Martinezek hainbatetan aipatzen duen Tana Hobanen lanaren atea zabaldu du eta, bidenabar, Pamiela berriro argitaratu berri duen Lehoikumea argazki albumaz mintzatu da. Amaitzeko, Nerea Ariznabarretak Rayitoren bidaia kontatu digu.
Ez galdu!