Hemeroteka


Compartir
2025-10-31

Anjel Lertxundik Ibilbide Saria jasoko du Kutxa Fundazioaren eskutik

Azaroaren 22an Kutxa Fundazioak Irun Literatura Sarien 46. edizioko irabazleei sariak emango dizkie. Ekitaldi berean, Ibilbide Saria jasoko du Anjel Lertxundik Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkarteek (Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta haur eta gazte-literaturako Galtzagorri elkarteak) osatutako epaimahaiak proposatuta. Sariaren bitartez, Lertxundik euskal literatura alorrean egin duen ibilbide trinko eta esanguratsuari aitortza egingo diote larunbateko ekitaldian.

Anjel Lertxundi, Andu, euskal idazlerik emankorrenetakoa da. Irakasle-ikasketak egin zituen Donostian, eta Filosofia eta Letrak Erroman eta Valentzian. Idazle gisa, literaturaren esparru guztiak landu ditu: nobela, ipuinak, itzulpenak, egunkarietako artikulu eta zutabeak, saiakerak eta haur- eta gazte-literatura. Bestelako esparruetan ere ibilbide oparoa egin du, hala nola, prentsa, zinema, gidoigintza, etab.

Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen 1983an eta 1991n Hamaseigarrenean Aidanez eta Kapitain frakasa lanengatik, hurrenez hurren. 1999an Euskadi Saria jaso zuen Argizariaren egunak lanagatik eta 2010ean Saiakera Sari Nazionala Eskarmentuaren paperak lanagatik. Euskaltzaindiko kide urgazlea da 1983tik, eta ohorezko kidea 2021etik.

Merezitako saria. Zorionak, Andu!