Ekainaren 8an, igandean, Ezkio-Itsason ospatuko dute Eskola Txikien Festaren 36. edizioa. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta, tartean, Altxorra gure egitasmoaren barruko saioak egingo ditugu. Izan ere, Gipuzkoako eskola txikietara liburutegi ibiltariak eramateko sortu genuen proiektuak 25 urte bete ditu aurten. Eskola txikietako liburutegiak osatzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko gurpildun kutxa bat diseinatu eta 130 liburu baino gehiagorekin hornitu genuen. Liburuen Altxorra 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako proiektu da.
Liburu kutxarekin batera, liburuen dinamizazioa egiten duen Imanol Mercero ibili izan da herriz herri, baita Galtzagorriko beste langile batzuke re. Urtero berritu ditugu kutxako liburuak; hain justu, liburuen erdia atera eta nobedadeak gehitu izan ditugu klasikoak, generoak eta liburuen aniztasuna bermatze aldera. Altxorreko liburuak mimoz aukeratu ditugu Galtzagorriko Irakurketa Mintegiko kideen laguntzarekin. Hala, 25 urte dira jada proiektua martxan jarri genuenetik eta urte hauetan guztietan eskola batek baino gehiagok txiki izateari utzi dio, baina altxorrarekin jarraitu nahi zuten eta Irakasleentzako Aholkulari Zerbitzua jasotzen dute proiektu berberaren barruan. Aholkularitza liburuak aukeratzeko irizpideak zorroztean eta irakurgaiekin egin ditzaketen lanketa sorta bat eskaintzean datza.
Poz-pozik gaude Gipuzkoak Eskola Txikien Festa antolatzen ibili diren lagunek urteurrena ospatzeko aukera eman digutelako. Galtzagorrin egin ohi dugun bezala, ospakizun xumea izango da, hain zuzen, altxorra eskola txikietara eramaten dugunean gidariek egiten duten lana bertatik bertara erakutsiko dugu Liburuen Altxorraren saioak eginda. Goizean zehar Etxeberrialden egingo ditugu. Animatu!
Milesker, bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiari urte hauetan guztietan gure proiektua babesteagatik.