Hemeroteka


Compartir
2024-04-12

Abian da 43. Lizardi Saria

Zarauzko Udalak 43. Lizardi Saria, Haur Ipuin Lehiaketa antolatu du. 18 urtetik gorako egileei zuzenduta dago eta haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzea du helburu. Aurtengo edizioa haur literatura saria izango da, 7-12 urte arteko irakurleei zuzendutakoa.

Saria 5.500 eurokoa izango da eta lana argitaratu egingo da; horrez gain, idazlearen, ilustratzailearen eta argitaletxearen artean argitalpen kontratua sinatu bezain laster, Zarauzko Udalak 1.000 euroz lagunduko du ilustratzailea, liburuaren bikaintasuna sustatzeko. Azkeneko edizioa irabazlerik gabe uztea erabaki zuen epaimahaiak, aurkeztutako lanek sariketak urteetan izandako mailari eusteko beharrezko kalitaterik ez zutelako.

Lanak aurkezteko epea 2024ko uztailaren 14an amaituko da.

Baldintzak

Sariketa honetan parte hartzeko, ondorengo baldintzak bete behar dituzte aurkeztutako ipuinek:

a) Jatorriz euskaraz idatziak izatea.

b) Lanak originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izatea.

c) Gaia librea izango da.

d) Haurrentzako idatzia izatea (7-12 urte arteko irakurleentzat).

e) 22.000-34.000 karaktere bitarteko lanak izatea.

f) Partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez dezake.

g) Lana aurkeztu ondoren, partaideak ezingo du bere lana jaso, ezta lehiaketari uko egin ere.

Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute, Yolanda Arrietak (2022ko edizioko irabazleak), Nerea Loiolak eta Amaia Serranok, hain zuzen ere. 43. deialdi honetako irabazleari hurrengo deialdiko epaimahaikide izatea eskatuko dio Udalak. Zarauzko Udalak idazkari bat izendatuko du, epaileen arteko batzarra deitzeko, erabakia jasotzeko eta irabazleari jakinarazteko. Lan-teknikoari dagokionez, berriz, epaimahaikide adituek izango dute erabakitzeko ahalmena.

Epaia 2024ko irailaren 27an emango da jakitera.

43. Lizardi Sariaren oinarriak

Hona hemen Patxi Zubizarretak idatzitako manifestuaren zatitxo bat (osorik irakurtzeko egin klik HEMEN):