Hemeroteka


Compartir
2025-12-05

82 liburu gomendio jaso ditugu LiburuHariBoomen lehenengo edizioan

Azaroaren 24an amaitu zen parte-hartzeko epea eta jasotako liburu gomendioak epaimahaikideen esku daude. Oso pozik gaude, lan andana jaso ditugulako, 82 hain zuzen. Horietatik, 53 idatziz heldu zaizkigu, beste 26 bideo formatuan, 9 audioak dira, 4 ilustrazioak eta 2 poesiak.

LiburuHariBoom, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuarekin lankidetzan aurten lehen aldiz martxan jarri dugun egitasmoa da. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei irakurtzeko bide berriak zabaltzea, gazteen artean irakurketak partekatzeko espazio seguruak sortzea eta gazte preskriptoreak aurkitzea du xede ekimenak. Eta bi ardatz ditu: bata liburutegietan gazteekin batera egin ditugun saioak; bestea, liburu gomendio lehiaketa, non gazteek nahieran gomendatu ahal izan dituzten gustuko dituzten euskarazko liburuak.

Guztira, 16 saio egin ditugu EAEko lau liburutegitan. Iurreta, Hernani, Beasain eta Markiña-Xemeingo liburutegietara, guztira, 400 bat gazte hurbildu zaizkigu. Saio horietara, Galtzagorri elkarteko adituek hautatutako liburuak fisikoki eraman ditugu. Ohiko ibilbide literarioetatik kanpo dauden liburuak aurkeztu dizkiegu, fikzio berriak zein klasikoak, ez-fikzioa eta albumak, gazteen gustuak kontuan izanda, baina aniztasunaren printzipioari jarraituz betiere.

Gazteei bide berriak zabaldu nahi izan dizkiegu, gehiagoren gose diren horiek asetu eta irakurketatik urrun sentitzen diren horiei bideak zabaldu. Konfiantzazko espazioak sortu ditugu irakurketen inguruko elkarrizketa, partekatzea eta eztabaida zintzoa ahalbidetuz.

Lehiaketaren emaitzak datozen asteetan emango ditugu jakitera. Hiru sari daude lehian: lehenengo saria irabazten dutenek lau lagunentzako Port Aventura parkerako sarrerak (eta gau baterako hotela) edo belaontzian 10 lagunentzako txangoa irabaziko dute, baita egindako lanaren arloan sortzen jarraitzeko materiala ere; bigarren saria irabazten dutenek, aurkeztu duten lanaren alorrean lanean jarraitzeko  materiala; eta 12-14 urteko gazteen artean sortzaile gazte saria emango dugu, abentura txango bat Irrisarri Landera edo escape room baterako sarrerak.