AURREKO EDIZIOAK > 2015-2016

Lapurren burua

  • Egilea: Cornelia Funke
  • Argitaletxea: Elkar
  • Urtea: 2004
  • Itzultzailea: Pello Zabaleta
  • Bilduma: Besteak
  • Orri kopurua: 402
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Yolanda Arrieta
  • Laburpena:

    Abentura eta intrigazko eleberri honetan, Venezian bizi den gaztetxo talde bat da protagonista. Munduak abandonatuta, lapurreta egitetik ateratzen dute bizimodua gazte horiek. Adiskidetasuna da istorio honen ardatzetako bat.

  • Prentsako aipamenak:


    - Manu Lopez Gaseni, Deia 2005eko otsailaren 1a "BEST-SELLER" BERRIAK

    Cornelia Funke idazle alemaniarra (Dorsten, 1958) indarrez sartu da gazteentzako best-seller direlakoen merkatuan. Ikusi, bestela, "El jinete del dragón" (Siruela, 2002), "Corazón de tinta" (Siruela, 2004), edo gaurkoan hizpide dugun "Lapurren burua", Europan zein Amerikan ibilbide arrakastatsuena izandako azken tituluak aipatzearren.

    Funke, hasiera batean irudigile gisa lan egindakoa eta gaur egun 40 tituluren egilea, bete-betean txertatzen da haur eta gazteentzako tradizio literario alemaniarrean, eta, oso bereziki, Erich Kästnerrengandik Michael Enderengan barrena gaur egun arte iristen den lerro bihurgunetsuan. Izan ere, arestian aipatutako idazlanak bi egile horiek zedarritutako muturren artean mugitzen dira: lehenengo biak Endek "Momo" (1973) eta "Amaigabeko istorioa" (1979) gogoangarrien bidez markatutako fantasia berriaren bideetan kokatzen badira ere, hirugarrena berriz, "Lapurren burua", Kästnerren "Emilio eta detektibeak" (1929) eta "Lotte eta Luisa, hau bizki parea!" (1949) obretako errealismo kritikoaren koordenadetan sartzen da.

    "Lapurren burua", izan ere, gurasoak hildakoen bereizi nahi dituen izeba gaiztoarendandik ihesi Veneziara iristen diren bi anaiaren historia da, Lotte eta Luisaren historiaren abiapuntuaren oso antzekoa. Hiri italiarrera helduta, ordea, ume lapurren talde bateko kide bihurtzen dira, haiekin hainbat abentura biziz, Emiliori gertatzen zaionaren antzeko zerbait.

    Bestalde, Kástnerren espiritu didaktikotik ere badu zerbait "Lapurren burua" honek: helduek haurtzaroari buruz duten irudi idealizatuaz mintzatzen zaigu sarrerako hitzetan, eta, liburuaren amaiera aldean, umeek helduen bizimoduaz duten iritzia ere azaltzen da:

    -Victor, zer egiten dute helduek egun osoan zehar?(...)

    -Lagun egin (...), jan, erosi, kontuak ordaindu, telefonoz hitz egin, egunkaria irakurri, kafea hartu, lotara joan (...)

    -Ez da oso kitzikagarria ere hori (384.or.)

    Gazteentzako eleberri hau, baina, egungo garaietako best-seller direlakoen eskakizunetara egokituta dago: 400 orrialde inguru, azal gogorra, testuinguru ezagunean garatua... Konkurrentzia oso handia baita.

    Pello Zabaleta itzultzaileak egindako lana arintasun handiz irakurtzen da, eta tituluari dagokionez, ez dio korronte intertestualari men egin, eta "burua" hobetsi du "jauna" zabalduagoaren ordez (cf. "The Thief Lord", "Eraztunen jauna", "Eulien jauna", eta abar).
    - Javier Rojo, El Correo, 2005.eko martxoaren 30ean Ametsen lehengaia

    Cornelia Funke idazle alemaniarra nahiko ezaguna da haur eta gazte literaturaren arloan. Euskaraz ere haren liburuak irakurtzeko txanda heldu zaigu, "Lapurren burua" izeneko nobela honekin. Gazteei zuzenduta dago, neurri handian nerabezaroaren hasieran dauden gaztetxoen espektatibei erantzun nahi baitie, baina nago gehiago gustatuko zaiela helduei. Nobela beltzaren generoan dauzka oinarriak. Alde honetatik, aipagarria da nobela honek Maltako belatza bezalako batekin dituen harremanak. Honetan, ordea, protagonistak haurrak eta gaztetxoak dira, bakarrik bizi direnak, umezurtzak. Haien asmoa, heldurik gabe, helduak bezala bizitzea da eta horretarako lapurreta txikiak egiten dituzte. Hauekin batera, erlikia dirudien egurrezko hegoa bilatzen duen pertsonaia misteriotsua daukagu, erlikia horri esker bere haurtzaroa berreskuratu nahi duena. Haren joran eta ahalegin guztien helburua erlikia hori bilatzea besterik ez da. Ez zaigu ikertzaile pribaturik falta, kasu honetan pixka bat zabarra, baina eredu klasikoei jarraituta ironikoa eta batzuetan zinikoa ere bai. Eta gertakarien kokapenak ere bere garranztia dauka, istorioa Venezia zaharkitu batean jazotzen baita. Abentura nobela den aldetik, liburu hau interesgarria da.

ATZERA