Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Ivo Laberen kronika

Idazlea: David Nel-Lo

Ilustratzailea: Beatriz Castro

Itzultzailea: Miren Agur Meabe

Argitaletxea: Giltza

Urtea: 2022

Bilduma: Tukan berdea

Orri kopurua: 140

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Fabula eran eraikitako nobelatxoa da, desberdintasun asko dituzten arren “Abereen etxaldea” gogorazten duena. Tonu baikorra duen testua da, umorez zipriztindua goitik behera, eta pertsonifikaturiko labezomorroak protagonista direla, gizarte gatazkei buruz ari dena.

Ivo Labe bere familiarekin bizi da etxe zahar batean. Bertako andrea hiltzean labezomorro familiak ihes egin beharko du, etxea fumigatu egin behar dutelako. Inoiz etxetik atera gabe, betidanik bizileku izan dutena utzi, ezagutzen ez duen mundura atera, eta bizitzeko toki berri bat bilatu beharko dute. Arrisku handiak pasa, eta hainbat senide bidean galdu ondoren, Apolo hotelera iritsiko dira. Bizileku berria izateko baldintza guztiak betetzen ditu hotelak, baina, arazo batekin topatuko dira: Bertan beste labezomorro espezie bat da nagusi eta hauen aginduak bete beharko dituzte. Ivo Labek ez dio uko egingo aske bizitzeko grinari eta ezkutuan bizitutako bestelako gertaeren testigu izango gara.

Liburuak dituen 10 ilustrazioetan eszena nagusienak jasotzen dira eta istorioa testuinguruan kokatzen laguntzen dute. Arkatzez eginiko irudi zuri beltzak dira guztiak. Orrialde osokoak eta istorioko protagonista den labezomorroaren begietatik eta perspektibatik marraztuak. Ilustrazio errealistak dira.

Liburu txikia da, tapa bigunekoa. Izenburuak dioen bezala, kronika baten itxura du kontakizunak; gertakariak ordena kronologiko bat jarraituz azaltzen dituen narrazioa da. Lehenengo pertsonan eta lehenaldian idatzita dago. Ivo Labe labezomorroaren ahotik ezagutuko dugu istorioa, bere ondoan egongo bagina bezala. Labezomorroak orokorrean gizakiei nazka ematen digun intsektua bada ere, irakurleak berarekin enpatia sentituko du.


Ivo Laberen kronika