Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Hondamendi handia

Idazlea: Javier Sobrino, Almudena Gonzalez

Ilustratzailea: Rocío Martinez

Itzultzailea: Itziar Díez de Ultzurrun Sagalá

Argitaletxea: Bookolia

Urtea: 2021

Bilduma: Crizal

Orri kopurua: 40

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Album ilustratua da, hitz egiten duena haurride berriaren jaiotzak sortzen duen beldur eta jelosiaz. Hasieran tonua tragiko samarra bada ere, bukaerarako baikorragoa da.

Bere etxean lasai bizi den haur batek bere bizitza bat-batean hondamendia bihurtu dela kontatuko digu. Animalia desberdinen erasoa nola jasaten duen erakutsiko digu: Usain txarrak nonahi, bainuontzian kosk egiten diote, liburuak puskatzen dizkiote... Halako batean animalia horiek guztiak ihes egin dutela kontatzen duen arte. Jarraian han azalduko da Gael, bere anaia txikia, beldurtuta. Anaia lasaitzen saiatuko da eta berarekin jolasten hasiko da. Eta orduan ikusiko dugu nola berreskuratzen duen bere bizitza eta ulertuko dugu zer izan den hondamendia ekarri duena bere bizitzara: anaia berriaren etorrerak.

Irudiak ezinbestekoak dira kontaketa bere osotasunean ulertzeko.Fauvismoan inspiraturiko ilustrazioak dira. Arkatzez eginikoak, kolore biziko marrazkiak eta zuri-beltzak. Fondo zuriaren gainean honek sortzen dituen kontrasteek errealitatea eta haurraren barne mundua (mundu onirikoa) bereizten laguntzen dute. Orrialde bikoitza hartzen du lehen irudiak. Itxitura batean haurraren mundu lasaia eta orekatua erakusten digu. Ondorengo bi orrialdeetan, hondamendiaren etorrera koloreetako haize ufada batez irudikatzen du. Honek haurraren mundua hankaz gora jartzen du, dena airean atereaz. Kolorez bizi eta tamaina handiko animaliak detaile handiz marrazturik daude. Arkatz beltzez eta tamaina txikiz marrazturiko irudiek haurrak sentitzen duen txikitasuna eta larritasuna ilustratzen dute. Azken bi orrialdeetan, orrialde bikoitzeko marrazkian egoera berria ikus daiteke. Erdian, kolore beltzez marrazturiko zuhaitz baten gainean zuhaitz-etxe bat dago. Adar batetik bi anaiak elkarrekin zabu batean jolasean daude. Koloreetako tximeletek barne munduko lasaitasuna eta oreka islatzen dute. Alde bietan, ezker-eskuin, anaia bakoitzaren munduaren zatitxo bat ikus dezakegu. Ezkerretara, anaia txikiaren mundu nahasia eta eskuinetara anai zaharrenaren mundu ordenatua.


Hondamendi handia